Gizartea -

Lizarra

San Jurgiren errestaurazioaren kontrako salaketa artxibatu du Nafarroako Fiskaltzak

Fiskaltzaren arabera, Karmacolor enpresako langileek "legez kontrako ekintzak" egin zituzten, baina administrazio-bidearekin hastea eraginkorragoa izango dela dio.

Lizarrako (Nafarroa) San Migel elizan zaharberritutako San Jurgiren eskultura. Argazkia: EFE
Lizarrako (Nafarroa) San Migel elizan zaharberritutako San Jurgiren eskultura. Argazkia: EFE
Lizarrako (Nafarroa) San Migel elizan zaharberritutako San Jurgiren eskultura. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lizarrako (Nafarroa) San Migel elizan zaharberritutako San Jurgiren eskulturaren ondotik hasitako izapideak artxibatu ditu ostiral honetan Nafarroako Fiskaltzak. Izan ere, Nafarroako kultura ondarea hondatu izana salatu zuen Espainiako Zaharberritzaileen Elkarteak (ACRE).

Nafarroako Fiskaltzak dekretu baten bidez jakinarazi duenez, Karmacolor enpresako langileek "legez kontrako ekintzak" egin zituzten XVI. mendeko eskulturaren zaharberritze lan horretan. Dena dela, lan horren erantzuleei zigor penalaren ordez zigor administratiboa jartzeko aukera dagoela argitzen du.

Joan den astean, Ondare Historikoaren Zerbitzuak San Jurgiren eskulturaren egoeraren berri eman zuen txosten batean. Errestaurazioan erabili zituzten teknikak direla eta, irudiaren egoera "atzeraezina" zela ondorioztatu zuten. Nafarroako Gobernuak eskatutako agiriak igorri zizkion Ministerio Publikoari, "zigor bidea bukatzen denean administrazio-bidea hasi ahal izateko", hori baita Ondasunaren lege nafarrak zehazten duena.

Gauzak horrela, zaharberritze lana burutu zuen Lizarrako Karmacolo enpresari zigor administratiboa jartzeko bidea jarriko du martxan Nafarroako Gobernuak. Fiskaltzaren arabera, "bide penalarekin jarraitzea baino eraginkorragoa" izango da zigor hori jartzea. Izan ere, administrazio-bideak ez ditu soilik irudian eragindako kalte materialak zigortzen; errestaurazioarekin hasi aurretik eskatu beharreko baimena eskuratu ez izana edota eskulturak "galdutako balio kulturala" ere izaten ditu kontuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Artea albisteak Gizartea Kultura Gaurko azken ordukoa Lizarra