Gizartea -
Klima-aldaketa
Berotegi-gasen isuriak markak hautsi zituen 2017an
Lurrazalean karbono dioxidoaren kontzentrazioa munduan batezbeste milioiko 405 zatikoa izan zen, hau da, 2016an baino milioiko 2,2 zati gehiago.
Agentziak | Erredakzioa
Klima Egoeraren Urteko Txostenaren arabera, Lurraren atmosferara isuritako berotegi-efektuko gasen kopuruak maximo historikoak harrapatu zituen 2017an, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak gaur jakitera eman duenez.
Lurrazalean karbono dioxidoaren kontzentrazioa munduan batezbeste milioiko 405 zatikoa izan zen, hau da, 2016an baino milioiko 2,2 zati gehiago.
Gasen kontzentrazio handiena izan da neurketen erregistro modernoetan.
CO2aren hazkunde tasa “ia lau aldiz biderkatu da 1960ko hamarkadaren hasieratik”. Nahiz eta 2016 urterik beroena izan, 2017 ez zen atzean gelditu, “ohi baino askoz baldintza beroagoak” izan baitziren munduko bazter gehienetan.
Txostenaren arabera, Espainiak, Argentinak, Uruguaik eta Bulgariak tenperatura markak hautsi zituzten. Era berean, Mexikok “urteko errekorra hautsi zuen laugarren urtez jarraian”.
Espainiak “udaberririk beroena” izan zuen, eta 2017 bigarren urterik lehorrena izan zen 1965etik. Ondorioz, suteen garaia “ohi baino luzeagoa” izan zen, ipar-mendebaldean gehienbat.
Klima Egoeraren Urteko Txostena 60 herrialdetako 450 zientzialari baino gehiagok egin dute, NOAArekin lankidetzan. Klimaren baldintzek okerrera egin dute mundu osoan, 2017an. Hala ere, Pariseko klima akordioa ez sinatzeko erabakia hartu zuen Donald Trump AEBko presidenteak.
Txinaren atzetik munduko bigarren kutsatzaileak dira Ameriketako Estatu Batuak, baina ingurumenarekin hartutako konpromisoak baztertu ditu Trumpen Gobernuak. Klima-aldaketa “gezur hutsa” dela adierazi zuen Trumpek.
Orokorrean, munduan “10 urterik beroenak 1998az geroztik izan dira, eta lau urte beroenak 2014etik”, ohartarazi du testuak.
Artikoa eta glaziarrak urtzen ari dira
Bestalde, Artikoko egoeraren inguruko datuak ere ez dira oso pozgarriak: aurrekaririk gabeko beroak Artikoa kiskali du; izan ere, lurrazalaren tenperatura 2017an 1,6 gradu altuagoa izan zen, 1981etik 2010era erregistratutako batezbestekoa baino.
Artikoko tenperaturak bigarren beroenak izan ziren 2016tik. Erregistroak 1900an hasi ziren.
Martxoan, izotzak azken 37 urteetako hedapenik txikiena zuen, eta mundu guztiko glaziarrek atzera egin zuten 38. urtez jarraian.