Gizartea -
2010eko Itsasondoko protesta
Isuna jarri diete AHTaren kontrako lau ekintzaileri, epaiketarik egin gabe
540na euro ordaindu beharko dute, Fiskalak eta defentsak akordioa lortuta. Aringarriak aplikatu dizkiete, protesta 2010ean egin baitzen.
agentziak | erredakzioa
2010ean Itsasondoko (Gipuzkoa) meategi zahar batean Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako protesta egiteagatik epaitu behar zituzten lau aktibistek tratua egin dute fiskalarekin, eta 540na euroko isuna ordainduko dute.
Garbiñe Gomez auzipetuen abokatuetako batek EFEri adierazi dionez, zigorra Fiskaltzak eta defentsak lortutako akordioari esker ezarri dute, Euskal Trenbide Sareak akusazio partikularra baztertu ostean. Gainera, aringarriak aplikatu dizkiete, zortzi urte igaro baitira protesta egin zutenetik.
Aipatutako isunez gain, laurek oraindik zehazteke dagoen diru-kopurua ordaindu beharko dute erantzukizun zibilari dagokionez, meategi barrutik ateratzeko erreskate operazioa ordaintzeko. Ebazpena aplikatzeko fasean zehaztuko dute zenbatekoa.
Lau auzipetuak -bi gizonezko eta bi emakumezko- 2010eko uztailak 5ean atxilotu zituzten Ertzaintzako Mendiko Taldeko agenteek, aurreko egunak ezkutatuta eman eta gero.
Segurtasun Sailak garai horretan zabaldu zuenez, emakumeak kobazuloan kateatu ziren eta lehenak izan ziren irteten, agenteek kateak moztu eta gero. Gizonezkoak, aldiz, erlaitz batera igo ziren, heltzeko zaila zen leku batean, eta haiengana urak hartutako gune bat igaro behar izan zuten.
Guztiei desordena publikoa eragitea, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zizkieten. Ondoren, komisariara eraman zituzten, Beasaingo osasun etxean azterketa egin eta gero.