Gizartea -
Alde Zaharra
Duela urtebete hildako gizon baten gorpua topatu dute Gasteizko etxebizitza batean
2017ko ekainaren amaieran, Santo Domingo kaleko etxebizitza bateko bizilagunek kiratsaren berri eman zioten Udalari.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez urtebete hilik zeraman 54 urteko gizon baten gorpua aurkitu dute Alde Zaharreko etxebizitza batean, Gasteizen. Dirudienez, arrazoi naturalengatik hil egin zen. Bertako bizilagunek kiratsaren berri eman zuten.
Gasteizko Udalaren Gizarte-zerbitzuek gizona artatu zuten 2010etik 2014ra bitartean. Orduan harremana etetea erabaki zuen hildakoak; ondorioz, espedientea itxi zuten, Udaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Bere familiarekin harremanik ez zuen gizon bat zen; baliteke horregatik inork haren desagerpenaren abisurik ez ematea azken urtean. Hala ere, Udala familiarekin behin baino gehiagotan jarri da harremanetan.
2017ko ekainaren amaieran, Santo Domingo kaleko bizilagunek kiratsaren berri eman zioten Udalari. Urte bereko uztailean Udaltzaingoak aurreneko “usaimen” ikuskatzea egin zuen, baina ez zen etxebizitzan sartu, horretarako baimen judizialik ez zuelako.
Usain txarra baieztatu zuten udaltzainek; horregatik antzeko kasuetan jarraitzen den prozedura abiatu zuten. Jabearekin harremanetan jartzen saiatu ziren, etxebizitzaren garbiketa eskatuz, Udaleko iturriek azaldu dutenez.
Bidalitako gutunei erantzunik ez zuten jaso; horregatik Arabako Aldizkari Ofizialean pertsona horri zuzendutako iragarkia argitaratu zuen Udalak.
Nobedade faltaren aurrean, udaltzainek bigarren ikuskatze bat egin zuten abenduan, eta berriro kiratsa antzeman zuten etxebizitzan. Aurreko prozedura errepikatzea erabaki zuten. Ez zuten erantzunik jaso, eta maiatzaren 3an etxean sartzeko baimena eskatu zion Udalak epaileari.
Baimen judiziala uztailaren 11n heldu zen, eta uztailaren 16an Udaltzaingoa eta Osasun Saileko ikuskatzaile bat etxebizitzan sartu ziren. Deskonposizioan zegoen gorpua aurkitu zuten. Gorpuak indarkeria zantzurik ez zuela zehaztu du Segurtasun Sailak.
Hurrengo egunean etxebizitza desinfektatu zuten, Udalak erantsi duenez.