Gizartea -
Araba
Lapurretak egiten dituen talde georgiar bateko beste bi kide atxilotuta, Gasteizen
Markak ipintzen dituzte hutsik dauden etxebizitzetan, ondoren lapurreta egiteko. Aurreko ostiralean, Ertzaintzak beste bi gizonezko atxilotu zituen, antzeko delituengatik.
eitb.eus
Ertzaintzak 33 eta 34 urteko bi gizonezko atxilotu zituen astelehenean Gasteizen, etxebizitzetan lapurretak egiten dituen talde bateko kide direlakoan.
Segurtasun Sailak hedabideei igorritako ohar baten bidez zabaldu duenez, atxilotuek plastikozko markak ipintzen zituzten, ustez, hutsik zeuden etxebizitzetan, ondoren lapurreta egiteko.
Aurreko ostiralean, hilak 13, Ertzaintzak beste bi gizonezko atxilotu zituen hiriburu arabarrean, antzeko delituengatik, eta gaizkile bateko kide izatea egotzita.
Igandean, 23:20 inguruan, gizon bat Gasteizeko etxebizitza batean "zelatan" zegoela jakin zuen Ertzaintzak, hiritar batek egindako abisuari esker.
Hala, Ertzaintzako agenteak eraikinera bertaratu ziren eta sei etxebizitzatan plastizkozko 11 marka topatu zituzten, alegia, hutsik dauden etxebizitzetan markak jartzeko erabiltzen diren horietakoak, ondoren sarraila apurtu eta barruan lapurtzeko.
Handik minutu batzuetara, Ertzaintzak beste hiritar baten abisua jaso zuten, gizonezko batek markak ipini zizkielako haien etxeetako ateetan.
Ondoren, ertzainek etxebizitza horretara jo zuten eta 13 marka aurkitu zituzten eraikineko hainbat etxebizitzatan; horrezkero, egileak bilatzeko operatiboa abiarazi zuten.
Hala, 01:30 inguruan, aurreko astelehenean, agenteek bi gizonezko topatu zituzten, eta horien janzkera eta itxura bat zetozen lekuko batek emandako deskripzioarekin. Orduan, komisariara eraman, identifikatu eta atxilotu egin zituzten, hiru etxebizitzatan lapurreta egitea egotzita.
Atxiloketaren ondotik, atxiloketaren unean zeramatzaten oinetakoak atzeman zizkieten eta, aztertu ostean, Polizia Zientifikoak ezarri zuen horietako batek oinetakoak bi lapurretan erabili izan zituztela. Hain zuzen, ekainak 28an eta uztailak 15ean Gasteizen egindako bi lapurretetan, bitxiak eta dirua eraman zituzten.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du beste kideak identifikatzeko.
Bestalde, pertsona susmagarriak edota ateetan markak ikusiz gero SOS DEIAK 112 zerbitzura deitzea eskatu du Ertzaintzak, agenteek susmagarriak identifikatu eta markak aztertu ahal izateko.
Bi atxilotuak epailearengana eraman zituzten atzo, Gasteizko Guardiako Epaitegian.