Gizartea -
Astebete gehiago
Seme-alabak dituzten bikotekideek bost asteko baimena dute jada
Horrez gain, funtzionario direnek ez dute euren baimena haurra jaio eta berehala hartu behar, amatasun baimenarekin bateragarri izan dadin.
Agentzia | Erredakzioa
Ostegun honetatik aurrera seme-alaba izan edo adoptatzen duten aitek bost asteko baimena dute, orain arte baino bat gehiago, indarrean sartu diren Estatuko Aurrekontu Orokorrek jasotakoaren arabera.
Astebete gehiagoko baimena uztailaren 5ean edo geroago seme-alabak dituztenek gozatu ahal dute, baina ez aurretik izan dutenek, Espainiako Gobernuko Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantza Ministerioko iturriek zehaztu dutenez.
2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak indarrean sartzeak ahalbideratu du aldaketa. Izan ere, jaiotzagatik, amatasunagatik, aitatasunagatik, eta haurdunaldiko eta erditu osteko arriskuagatik aurreikusitako laguntzak % 4,5 handitu dituzte, 2.559 milioi euroraino.
Halaber, Unidos Podemosek PPrekin adostutako zuzenketa bati esker, berritasun bat jaso dute Estatuko Aurrekontu Orokorrek. Haurra duten funtzionario publikoek nahieran hartu ahalko dute 5 asteko baimena, ez haurra jaio eta berehala, ez baitute baimena amarenarekin batera hartu beharko nahitaez. Horrela, amak 16 asteko baimena bukatutakoan hartu ahalko dute baimena, eta biek, guztira, 21 asteko baimena hartu ahalko dute.
Horri lotuta, Unidos Podemosek aurkeztutako legez besteko proposamena aho batez onartu berri du Espainiako Kongresuak. Seme-alaben jaiotza edo adopzioagatiko baimenak parekatzea da helburua (16 astekoak dira orain biak; umea jaio edo adoptatu eta berehala hartu behar dira bi, eta gainerako 14ak, lehen urtea bete baino lehen).