Gizartea -
Ekitaldia
Nafarroako erakundeek Foru Erkidegoko errege-erreginak omendu dituzte
Leireko San Salvador Monasterioan antolatu dute ekitaldia. Uxue Barkos Foru Gobernuko presidenteaz gain, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea izan dira omenaldian.
Agentziak | Erredakzioa
Foru Erkidegoko erakundeek Nafarroako errege-erreginak omendu dituzte aurten ere, Leireko San Salbatore monasterioan egindako ekitaldian, Nafarroako lehen monarken gorpuzkiak dituen museoaren aurrean.
Ekitaldi zibila izan da, eta segizio ofiziala eta agintariak iritsi direnean hasi da. Besteak beste, Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos, eta gobernukideak eta Nafarroako Parlamentuko presidentea, Ainhoa Aznarez, egon dira bertan.
Abadea agurtu ostean, panteoiaren aurrean jarri dira agintariak. Iruñeko Erresumako lehen errege-erreginen gorpuzkiak daude han: Eneko Aritza (Iruñeko lehen erregea, IX. mendea), Gartzea Enekoitz (IX. mendea), Orti I.a Gartzez (IX. mendea), Antso I.a Gartzez (X. mendea), Gartzea I.a Santxez (X. mendea) eta Antso II.a Gartzez Abarka (X. mendea).
Eloisa Ramirez Vaquero historialariaren testu bat irakurri dute hasieran, gaztelaniaz eta euskaraz. Leirek Nafarroako historian izandako zeresana laburbildu dute bertan.
Zangotzako Nora abesbatzak musika errepertorioa eskaini du, Bruno Jimenezek zuzenduta. Antonio Guerrerok jo du organoa, eta Laura Monterok abestu du bakarka. Monasterioko monjeen abesbatzak ere abestu du.
Ofrendak amaituta, ostatura joan dira. Hango patioan, Faltzesko Makaia taldeak dantza ikuskizuna eskaini du.