Gizartea -

2017ko datuak

73 bazterkeria kasu atzeman zituen Eraberean sareak 2017an Euskadin

Migratzaileen, ijitoen eta LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako bazterkeria kasuak artatzen dituen sarea da Eraberean, eta iazko txostena aurkeztu du gaur.

Eraberean sareak, goizean, Gasteizen egin duen aurkezpena. Argazkia: Irekia
Eraberean sareak, goizean, Gasteizen egin duen aurkezpena. Argazkia: Irekia
Eraberean sareak, goizean, Gasteizen egin duen aurkezpena. Argazkia: Irekia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Migratzaileen, ijitoen eta LGTBI kolektiboko pertsonen aurkako 73 bazterkeria kasu atzeman zituen Eraberean sareak Euskal Autonomia Erkidegoan, iaz. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, arrazakeriaren aurka eta genero identitatea dela eta sortzen diren bazterkeria kasuen kontra egiteko sarea da Eraberean.

2017ko datuak jasotzen dituen txostena aurkeztu dute gaur Gasteizen, hainbat gizarte taldeetako eragileak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bertan zirela. Denera, 76 kasu artatu zituen Eraberean sareak iaz, eta horietako 73tan bazterkeria zantzuak atzeman zituen. 2016an baino % 37,24 kasu gehiago artatu zituzten, eta datu hori "positiboa" dela esan du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak.

"Eraberean sarea gaztea da eta hazten jarraitzen du. Harro gaude eman dituen urratsekin diskriminaziorik ezaren arloan nora jo jakiteko erreferente bilakatu izateagatik", adierazi du Amilibiak.

Arraza, nazionalitatea eta sexu joera daude bazterkeria kasu gehienen atzean. Joan den urtean atzemandako 73 bazterkeria kasuen erdia baino gehiago migratzaileek pairatu zituzten, eta 12 ijitoek. Gainerako kasuak, identitate edo orientazio sexualarekin lotutakoak izan ziren. Eraberean sarera heldu diren salaketa gehienak gizonek jasan dituzte.

"Arreta egin zaien pertsonen jatorriari dagokionez, %41 Espainiako estatukoak dira, eta gainerakoak  nazioarteko jatorrikoak. Diskriminazioa egon den esparruari dagokionez, kasuen % 89tan esparru pribatuan izan da, eta % 11n esparru publikoan", txostenak jasotzen duenez.

Etxebizitza arazoa

Esparru pribatuan erregistratutako diskriminazio-kasu gehienak, %46, etxebizitzaren alorrean gertatu dira.

CEAR elkarteko ordezkariak goizeko agerraldian salatu duenez, "migrante, errefuxiatu eta asilo eskatzaileak sei hilabetez harrera etxeetan egon eta gero alokairu bila hasten direnean, guztiek jasaten dute diskriminazioa, edozein herrialdetatik etorritakoak izanda ere".

"Eraberean sarea eta Eusko Jaurlaritza inplikatuta gaude berariazko lan-ildo batean alokairuaren esparruan antzematen den diskriminazioari heltzeko. Hala, aurki, sentsibilizazioaren, prestakuntzaren eta arretaren arloan lan egingo da, esparru horretan ere tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza ziurtatzeko", esan du Amilibiak.

Bestalde, iaz erregistratutako kasuetatik lau prozesu judizialetik bideratu dira. Prozesu horietako bat ere ez da amaitu, oraindik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa LGTBI+ azken ordukoa