Gizartea -
Ferryan
Bilboko portutik Erresuma Batura bidaiatzeko asmoa zuten 7 polizoi atxilotu dituzte
Asteartean atxilotu zituzten, portuko instalazioetan, zazpi albaniar Bilboko portua eta Portsmouth lotzen dituen ferryan sartzen saiatu zirenean.
Agentziak | Erredakzioa
Albaniako zazpi herritar atxilotu ditu Espainiako Poliziak, Bilboko portuan Erresuma Batura joateko ontzian polizoi bezala sartzeko asmoa zutenean.
Asteartean atxilotu zituzten, portuko instalazioetan, albaniarrak Bilboko portua eta Portsmouth lotzen dituen ferryan ontziratzen saiatu zirenean, Barne Ministerioak gaur agiri baten bidez jakitera eman duenez.
Bestalde, urteko lehen seihilekoan, Espainiako Poliziak 35 atzerritar atxilotu ditu Loiuko aireportuan, agiriak faltsuak erabiliz Erresuma Batura hegazkinez bidaiatzen saiatu direnean. 2017ko epe berdinean hamar atxiloketa egin zituzten.
Schengen eremutik sartu eta ateratzeko kontrolak areagotu ditu Poliziak, Loiuko aireportuan hegaldien kopuruak nabarmen gora egin duela ikusita.
Atxilotu gehienak albaniarrak (14) ziren, eta gainerakoak Iran (5), Maroko (1), Irak (1), Txina (3), Saudi Arabia (1), Pakistan (1), Libano (1), Palestina (1), Grezia (2), Georgia (4) eta Senegalgoak (1) ziren.