Gizartea -
ERASOA
75 urteko gizon bat atxilotu dute Galdakaon, bizilagun bat sastatzeagatik
Zauritua Galdakaoko Ospitalera eraman dute, eta ustezko erasotzailea atxilotu egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
75 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak igande goizaldean Galdakaon (Bizkaia), beste gizon bati etxebizitza eraikin batean, biak bizi diren lekuan, arma zuri batez eraso egitea leporatuta. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Igande goizaldean, 01:30 aldera, emakume batek Ertzaintzari deitu zion, etxebizitza bloke batean bizilagun batek senarrari aizto batez eraso ziola esanez. Patruila batzuk bertaratu ziren, eta bi pertsona aurkitu zituzten borrokan, eraikineko eskailera-buruan, lurrean.
Horietako batek aizto bat zuen eskuan (aiztoa kendu eta bi borrokalariak banandu zituzten), eta besteak zauri odoltsua zuen gorputzaren alde batean, sabelaldean; hori ikusita, agenteetako batek eskuoihal batekin itxi zion zauria, eta presioa egin zion, ez odolusteko.
Horren aurrean, zauritua Galdakaoko Ospitalera eraman zuten, eta ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten. Agenteek 24 zentimetroko xafla duen aizto bat eraman zuten bertatik, erasoa egiteko erabilitakoa zelakoan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.