Gizartea -
genero Indarkeria
Asparrenan agertutako emakumearen hiltzailea gorpua erretzen saiatu zen
Alemaniako Poliziak susmagarri nagusitzat hartzen duen gizonezkoa -41 urte- atzo atxilotu zuten Jaenen, Atxilotzeko Agindu europar bati jarraituta.
agentziak | erredakzioa
Leizpigen (Alemania) ekainak 14an desagertu eta atzo, osteguna, Asparrenako (Araba) gasolindegi baten ondoan agertutako emakumearen ustezko hiltzailea gorpua erretzen saiatu zen, Segurtasun Sailaren arabera.
Hilotza Gasteizeko Auzitegi Patologiako Zerbitzuan dago, autopsia egin diezaioten. Horrela, biktima ezbairik gabe identifikatu ahal izango dute, baina, dirudienez, orain astebete Alemanian desagertutako emakumea da. Sendiak ekainak 15ean salatu zuen desagerpena.
Alemaniako Poliziak susmagarri nagusitzat hartzen duen gizonezkoa -41 urte- atzo atxilotu zuten Jaenen, Atxilotzeko Agindu europar bati jarraituta.
Euroagindua jaso ondoren, Ertzaintzak bilaketa operatiboa abiarazi zuen eta, horrela, gorpua topatu zuen atzo 15:20ean, Asparrenan dagoen gasolindegi baten ondoan, A-1 autobidean.
Hilotza aurkitu ostean, epaitegiko talde batek bertara jo zuen, gorpua altxatzeko eta, horrezkero, Gasteizko Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman zuten.
Kasua Gasteizko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren esku geratu da, eta sekretua ezarri du.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.