Gizartea -

Protesta sarean

20 webgune inguruk 'Sinde Legea'ren kontrako protesta egin dute

'Cinetube', 'Series Yonkis' eta 'El Rincón de Jesús' bezalako web orrialdeek 'No al cierre de webs' orrialdera zuzendu dituzte euren erabiltzaileak bertan zegoen manifestua irakurtzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20 webgunek baino gehiagok euren orrialdeak itxi dituzte egun osoan zehar ustez asteartean onartuko duten ''Sinde Legea''ren kontra protesta egiteko. Internauten ustez, lege horrek Internet "boterearen menpeko telebista bihurtuko du".

''Cinetube'', ''Series Yonkis'', ''El Rincón de Jesús'', ''Cine Gratis'' edo ''Por descarga directa'' webguneak izan dira protestan parte hartu duten batzuk. Euren webguneetan sartzen saiatu diren erabiltzaileak egoeraren zergatia azaltzen duen testu batera zuzendu dituzte.

"''Sinde Legea'' onartzen badute, orrialde hau desagertu egingo da. Internet beste telebista bat izango da, boterearen menpekoa. Sarean adierazpen askatasuna izatearen alde. Zentsurarik ez. ''Sinde Legea''ri ez. Web orrialdeak ixteari, ez". Erabiltzaileak "Web orrialdeak ixteari ez" gunera zuzentzen dituzte manifestua irakur dezaten.

Nahiz eta webgune hauetara sartzen saiatu diren erabiltzaileak kaltetuak izan, gehienek ekintza honen alde egin dute Interneten "askatasuna" babesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea