Gizartea -

Bartzelona

13 urteko neskato bat hilda aurkitu dute Vilanova i la Geltrun, indarkeria zantzuekin

Neskaren -Laia- aitite-amama bizi diren etxebizitza eraikin bereko gizonezko baten etxean aurkitu dute. Gizona atxilotu dute, eta autopsia eta miaketa egingo dituzte gaur.

Neskatoaren senideak eta atxilotua bizi diren eraikinaren ataria. TV3en bideo batetik hartuta irudia
Indarkeria Vilanova i la Geltrun
13 urteko neskatila baten gorpua aurkitu dute Vilanova i la Geltrun

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

13 urteko neskato baten gorpua aurkitu dute bart Vilanova i la Geltrun (Bartzelona), bere desagerpenaren berri eman eta ordu gutxira. Esquadra Mossoen Ikerketa Kriminaleko Taldeak hartu du bere gain ikerketa.

Neskatoak Laia zuen izena eta agertu baino lehen desagertuta zegoela zabaldu zuten senideek, eta bilaketa antolatu zuten Poliziarekin batera.

Laiaren hilotza koltxoi baten azpian topatu zuten, neskatilaren aitite-amama bizi diren etxebizitza eraikin bateko etxe batean. Bertan 42 urteko gizon bat bizi da, baina bere gurasoen etxea da, eta gauza bakarra esan zuen atxilotu zutenean: "Nik ez dut egin".

Antoni Rodriguez Esquadra Mossoen Ikerketa Kriminaleko Taldeko buruak prentsaurreko batean azaldu duenez, neskaren bi osaba bizilagun horren etxean sartu ziren, jarrera susmagarria antzeman ziotelako, eta orduan topatu zuten neskatoaren gorpua, arma zuriz egindako zauriekin.

Zantzuak gorabehera, autopsiak zehaztuko du heriotza zerk eragin zuen, eta ikerketak krimenaren arrazoia. Epaileak sekretua ezarri du ikerketaren gainean.

Laia desagertu ostean, Poliziak eraikineko bizilagun guztiak galdekatu zituen eta orduan gizon horrek eman zituen erantzunak susmagarriak izan ziren, neskaren osaben iritzian. Horregatik jo zuten bigarrenez etxebizitza horretara, eta barruan sartu.

Neskatxak autismoa zuen, maila txikian, eta atzo egin ohi zituen gauzak egin zituen: eskolatik irten eta bere aitaren aitite-amamaren etxera joan zen, Cubelles de Vilanova kalean, eta bertan itxaron zuen bere aita bila joan zen arte, hau da, 19:00ak inguruan.

Aitak etxe azpian zegoela abisatu zuen, eta orduan Laia aitite-amamaren etxetik irten zen, baina aitak ez zuen atetik irteten ikusi.

Halere, eta bera ohartu gabe irten ahal izan zela iritzita, aita bere alaba auzoan bilatzen hasi zen, eta bere bikotekideari abisatu zion, gauza bera kotxez egin zezan. Era berean, ama ere jarri zuten jakinaren gainean (hiritik kanpo zegoen), eta berak sare sozialen bidez laguntza eskatu zuen.

Desagertu eta ordubetera, aita Vilanovako udaltzainekin topatu zen, bilaketarekin bat egin eta, 20:30ak inguruan, Mossoak ere elkartu ziren.

Agenteek ondorioztatu zuten oso zaila zela neska eraikinetik irten izana eta, gainera, aurretik neska "noraezean ibili edo ezkutatu" izan denez, lehenik eta behin aitite-amamaren etxebizitzaren eraikina sakonean arakatzea erabaki zuten.

Topatu ez zutenez, neskatoaren bi osabek eta hainbat agentek bizilagun guztien ateak jo zituzten. Atea berandu ireki zuen bakarra lehen solairuko aipatutako gizona izan zen, eta toalla bat zeramala agertu zen, dutxa hartu berri izan balu bezala.

Handik gutxira, senideek itzultzea erabaki zuten, gizonaren jarrera susmagarria zelako, eta susmoak areagotu ziren gizonak erantzun zentzugabeak eman zituenean.

Hala, bere kabuz etxean sartzea erabaki zuten eta, orduan, neskatoaren hilotza aurkitu zuten koltxoi baten azpian, hankaz gora zegoen gela batean.

Minutu gutxi batzuen ostean, udaltzainek ustezko hiltzailea atxilotu zuten, "nik ez dut egin" errepikatzen zuen bitartean. Eraikinetik irtetean, babestu behar izan zuten, kanpoan hainbat bizilagun elkartu zirelako, heriotzaren berria auzoan zabaldu zelako.

Rodriguezek azaldu zuenez, dena "oso arin" gertatu zela dirudi, baina autopsiaren emaitzak jaso arte itxaroteko deia egin du, heriotza zerk eragin zuen ezagutzeko. Gorpuaren altxamendua hiru epaileren aurrean egin zuten. Bien bitartean, neska zauritzeko erabili ahal izan den arma zuri batzuk aztertzen ari da.

Gaur miaketa egingo dute atxilotuaren etxean, baina ez dute epailearengana gaur eramango, baizik eta gizonaren perfila zehazten saiatuko dira. Atxilotuak alaba bat dauka eta, gutxienez, aurrekari bat, emazte ohiari eta alabari mehatxu egiteagatik, dibortzioa martxan zegoen garaian.

Dirudienez, gizona duela gutxi joan zen bere gurasoekin bizitzera. Gertaeren unean, atxilotua bakarrik egon zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Indarkeria matxista Bartzelona Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak albisteak gaur Erailketak albisteak