Gizartea -

Dependentzia

3,7 milioi euro urtean, Bizkaiko pertsona zaintzaileen egoera hobetzeko

Gainera, Pertsona Zaintzaileen Estatutua bultzatuko du Aldundiak. Uda baino lehen testua onartzea espero du erakundeak.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Bizkaiko zaintzaileek 15 eguneko oporrak eta pentsio plana izango dituzte

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona zaintzaileen egoera hobetzeko, urtero 3,7 milioi euro bideratuko ditu Bizkaiko Aldundiak. Gainera, Pertsona Zaintzaileen Estatutua bultzatuko du. Uda baino lehen testua onartzea espero du.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, erabakiak foru erakundea “Europako abangoardia sozialean kokatzen du, Finlandiaren maila berean”.

Pertsona Zaintzaileen Estatutua aurkeztu du Rementeriak prentsaurrekoan. Erantzukizun publikoko neurri-sorta pixkanaka-pixkanaka ezarriko dute, “beste batzuk zaintzen dituzten pertsonen lana aitortu, babestu eta hobetzeko” helburuarekin.

Urte bukaerara arte Aldundiak martxan jarriko dituen neurrien artean, pertsona zaintzaileen aurreikuspen sistemen ekarpenei “laguntzeko” BGAE (borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundea) bat abian jarriko dute, Remeneteriak goraipatu duenez.

Lehen mailako dependentzia duten pertsonen zaintzaileei hilean 15 euroko ekarpena egingo die Aldundiak, eta 20 eurokoa bigarren edo hirugarren mailako dependentzia duten pertsonen kasuan.

 

Rementeria: "Zaintzaileak zaindu nahi baditugu, pertsona horien atsedena erraztu behar dugu"

 

Sisteman sartzea (baimena eta ekarpena) borondatezkoa izango da, eta pertsona zaintzaileak espresuki eskatu beharko du. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da martxan.

Era berean, apurka-apurka kasu koordinatzailearen edo diru-laguntzaren onuradunarentzako erreferentziazko pertsonaren figura barneratzeko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Bestalde, pertsonen zaintzak sor ditzakeen osasun arriskuak murrizteko helburuarekin, hasiera batean 90 azterketa mediko egingo dituzte; lanak sortzen dituen patologia ohikoenak ezagutzeko.

Estatutuari atxikitako pertsona zaintzaile guztiek atsedenaldi bat hartzeko eskubidea izango dute, horretarako ezartzen diren baldintzetan. “Zaintzaileak zaindu nahi baditugu, pertsona horien atsedena erraztu behar dugu”, adierazi du Rementeriak.

Bizkaitarren % 80 baino gehiagok etxean jarraitzeko borondate argia azaltzen dute, baita dependentzia egoeratan ere. Zaintzaileak gehienetan senide zuzenak dira, eta emakumeak gehienbat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizarte zerbitzuak Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Albisteak Osasunari buruzko albisteak