Gizartea -

Arrazakeria eta xenofobia

Arabiarrak eta beltzak dira gehienbat gorroto-delituen biktimak Euskadin

Arrazakeria eta xenofobia delituen % 50 baino gehiago jasan dituzte bi kolektiboek 2017an eta 2016an. Horien atzetik ijitoak daude.

Bostekoa. Artxiboko irudia: EiTB
Bostekoa. Artxiboko irudia: EiTB
Bostekoa. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabiarrak eta beltzak dira gorroto-delitu gehienen biktimak Euskadin.

Arrazakeria eta xenofobia delituen % 50 baino gehiago jasan dituzte bi kolektiboek 2017an eta 2016an, Euskal Autonomia Erkidegoan. Arabiarrak dira eraso gehien jasotzen dituztenak, eta horien atzetik koloreko pertsonak. Hirugarren tokian ijitoak daude.

Jon Mirena Landa Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubide eta Botere Publiko katedrako zuzendariak txostena aurkeztu du gaur, Eusko Legebiltzarreko batzordean. Azterketa Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak agindu zuen.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Landa lagundu du agerraldian. 2013az geroztik, Ertzaintzak gorroto-delituei aurre egiteko prozedura bat duela gogorarazi du sailburuak, prebenitzeko helburuarekin.

Gainera, Beltran de Herediak azaldu duenez, Ertzaintza beste delitu mota batzuk ikertzen ari da, gorroto-delitu bezala sailkatzea posible diren egiaztatzeko, ikerketaren bidez azaleratzeko.

Batzuetan azterketa mota hauen hausnarketa konplexua dela onartu du sailburuak, adierazpen askatasunak eta gorroto jarrerek talka egiten dutelako testuinguru berean.

 

Landa: "Alarmak pizteko arrazoirik ez dago"

 

Landak azpimarratu duenez, 2016an 146 kasu jazo ziren EAEn, horietatik 124 delituak izan ziren, eta 22 arau-hauste administratiboak. Horiengatik 88 pertsona erruztatu zituzten.

124 delituetatik, 97 Bizkaian gertatu ziren, 15 Gipuzkoan eta 12 Araban; horietatik 68 arrazakeria eta xenofobiagatik izan ziren, 31 sexu orientazio edo nortasunagatik, 17 orientazio ideologikoagatik, 3 fede edo praktika erlijiosoagatik, beste 3 desgaitasunagatik eta  pobre ala behartsuen aurkako 2.

2017an, 143 kasu antzeman zituzten, horietatik 129 delituak eta 14 arau-hauste administratiboak izan ziren.

Iaz gertatutako delituengatik 126 lagun erruztatu zituzten. 88 kasu Bizkaian antzeman zituzten, 31 Gipuzkoan eta 10 Araban. 71 arrazakeriagatik, 32 sexu-orientazioagatik, 16 ideologiagatik, 7 sinesmen erlijiosoagatik, 2 desgaitasunagatik eta behartsuen kontrako bakarra.

Gorroto maparen joera kriminologikoan “nolabaiteko egonkortasuna” dagoela goraipatu du azterketaren zuzendariak. Delituek gora egin dutenik ez diote kopuruek, gehiago azaleratzen direla baizik, erantsi duenez.

“Alarmak pizteko” arrazoirik ez dagoela uste du Landak, politikak martxan jartzeko errealitatea onartu eta ezagutu baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Arrazismoa Gizartea Albisteak