Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Abisu horia EAEn, prezipitazio gogorrak iragarri baitituzte
Abisua 15:00etatik gauerdira egongo da indarrean ostiral eta larunbatean, zaparrada ekaiztsuak eta kazkabarra espero baitira.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzuak abisu horia ezarri du ostiral honetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat gunetan prezipitazio gogorrak egon litezkeelakoan.
Abisua arratsaldeko hiruretan jarriko dute indarrean, eta gauerdira arte iraungo du. Zaparrada arin zein moderatuak espero dira, eta toki batzuetan baliteke indartsuak izatea eta kazkabarra ere botatzea. Zenbait tokitan, orduko 15 l/m2 botatzea ere aurreikusi dute.
Bestalde, ekaitzak lehertzen diren inguruetan, baliteke ostiralean bertan haize ufada gogorrak edo oso gogorrak egotea.
Larunbatean ere, arratsaldeko hiruretan jarriko dute indarrean abisua, eta gauerdira arte iraungo du, zaparrada arin zein moderatuak espero baitira, eta toki batzuetan baliteke indartsuak izatea eta kazkabarra ere botatzea. Zenbait tokitan, orduko 15 l/m2 botatzea ere aurreikusi dute.