Gizartea -

Istripua

Bilboko San Mameseko sarbidea itxi dute, kamioi batek su hartu ondoren

Ibilgailuak istripua izan du, irauli eta bidean gurutzatuta geratu da, eta su hartu du. Errepidea erabat itxita egon da sei orduz.

Kamioi bat irauli eta su hartu du Bilboko San Mameseko sarbidean

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paper bobinak zeramatzan kamioi batek istripua izan du gaur eguerdian Bilboko San Mameseko sarbidean, eta, irauli ostean, su hartu du. Ezbeharraren ondorioz, errepidea guztiz itxi behar izan dute. 19:00ak aldera irteera erreiak zabaldu dituzte.

Istripua 12:40 aldera jazo da, San Mameseko sarbidean, EiTBren egoitza parean. Ibilgailua Bizkaiko hiriburuan sartzen ari zen, eta argitu gabeko arrazoiak tarteko, irauli eta errepidean gurutzatuta geratu da. Kolpearen ondorioz, erregaia galdu du, eta, handik gutxira, su hartu du. Leherketa bat ere izan da.

 

 

Suhiltzaileek amatatu dute sua, 20 minuturen buruan.

 

 

Zorionez, gidaria ibilgailuko leihotik atera ahal izan dute larrialdi zerbitzuetako langileek eta hainbat herritarrek. Arin zauritu da, eta lekuan bertan artatu dute.

Errepidea bi noranzkoetan sei orduz itxita egon da, eta ilarak luzeak sortu dira A-8an, Galdakaora zein Barakaldora bidean.

 

 

Bilboko Udalak eta Trafiko Zuzendaritzak hiriburutik ateratzeko eta bertara sartzeko beste bide batzuk erabiltzea gomendatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak gaur Trafikoa Bilbo Zer gertatu da gaur Bizkaian? Suteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa A-8 Autobidea