Gizartea -
50.000 euro inguru balio du
100 pertsona inguru kontrolatzaile izateko ikasten ari dira EAEn
Ingelesa menperatzea eta test psikoteknikoa, nortasun testa, elkarrizketa pertsonala eta, batez ere, ikusmenean oinarritutako azterketa medikua gainditzea ezinbestekoa da.
EITB
Aire-kontrolatzailea izateko ez da bereziki azkarra izan behar, baina bai arduratsua eta estresari aurre egiten jaioa, izan ere, pertsona askoren biziak kontrolatzaileen lanaren menpe daude. Kontrolatzaileak hegaldiak kudeatu behar ditu bi hegaldik aire-eremu bera momentu berean hartu dezaten saihestuz. Hori egiteko, aire-kontrolatzaileek trebakuntza berezia egiten dute.
Ikastaro horretan sartzea ez da batere erraza. Lortuz gero, lanpostua ziurtzat jo daiteke, ateratako plazak AENAren lanpostu eskaintzara egokitzen baitira. Aurkeztu ahal izateko, 18 urtetik gora eduki, Espainia edo Europako nazionalitatea izan eta diplomaduna edo lizentziaduna izan behar da.
Sarrera probetan ingeles maila altua eskatzen dute, eta test psikotekniko bat, nortasun testa, elkarrizketa pertsonala eta osasun azterketa sakona gainditu behar dira. Osasun azterketa horretan, ikusmenak berezko garrantzia dauka.
Goiuri Zenikazelaia irakaslearen hitzetan, "gaur egun Euskadin ehun pertsona inguru ari dira aire-kontrolatzaile izateko oposizioak prestatzen. Guztiek eskuetan izango duten erantzukizunaren jakitun dira; mila gauza aldi berean egin beharko dituzte eta milaka pertsonen bizitzak euren erabakien menpe daude".
Prestakuntza teorikoa eta praktikoa
Sarrera probak gaindituta, prestakuntza prozesua hasten da. Espainian bi zentro baino ez daude: Senasa (AENAren menpe) eta Camilo José Cela Unibertsitatea. Etorkizuneko kontrolatzaileak prestakuntza teorikoa eta praktikoa izango dute 22 astetan, kontrol-dorrearen simulatzaileak erabiliz.
Ondoren, bost hilabetez, kontrolatzaile-ikasleak izango dira.
Alor ekonomikoari dagokionez, hezkuntza ez dago edonoren esku. Guztira, 50.000 euro inguru ordaindu behar dira.