Gizartea -
Arabako Lurralde-auzitegia
Gasteizko irakaslea 'jazarpenetik sexu-erasora pasa' zela ziurtatu du fiskalak
Nekazaritza eskola bateko irakaslearen aurkako auzia epaiaren zain utzi du Arabako Lurralde-auzitegiak. Lankide bati eta bi ikasleri jazarpena eta sexu-abusuak egin izana leporatzen diote.
Agentziak | Erredakzioa
Irakasle bati zigor handiagoa ezartzea eskatu du gaur fiskalak. Hain zuzen ere, 18 urte eta erdiko espetxe-zigorra nahi du fiskalak, bi ikasle eta lankide bat jazartzen hasi, baina “beste pauso bat gehiago” eman eta abusuak egin zizkielako. Horietako bati sexu-abusuak egin zizkiola erantsi du. Gertakarien larritasuna ikusita, zigor egoki bat eskatu dio epaimahaiari.
Nekazaritza eskola bateko irakaslearen aurkako auzia epaiaren zain utzi du Arabako Lurralde-auzitegiak. Epaiketa asteazkenean hasi zen. Lankide bati eta bi ikasleri jazarpena eta sexu-abusuak egin izana leporatzen diote akusatuari.
Gaurko saioan, akusazio-idatzia aldatu eta delitu berri bat barneratu du Fiskaltzak, lankideari koakzio etengabea egin ziolako. Ondorioz, beste bi urte gehiago eskatu ditu, hasiera batean 16 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu baitzuen.
Akusazio partikularrak Fiskaltzarekin bat egin du eskakizunean. Bitartean, Eusko Jaurlaritzako abokatuak 15 hilabete gehiago eskatu ditu soilik, jazarpen delitu batengatik.
Defentsak, ostera, irakaslearen absoluzioa eskatu du, leporatzen zaizkion delituak epaiketan frogatu ez direla iritzita. Irakaslea inhabilitaturik dago, baina aske.
Akusatuak abusuak ukatu zituen asteazkenean, eta mezu sexualak “bromazalea” delako bidali zituela azaldu zuen. Epaimahaiaren eta medikuen lana eskertu du gaur gizonak, epaiketaren amaieran.