Gizartea -
Legez kanpoko hiltegia
Zazpi atxilotu Araban, animaliak hil eta haragia legez kanpo saltzeagatik
Segurtasun sailak jakinarazi duenez, atxilotuek beharrezkoak diren osasun eta administrazio arloko kontrolik gabe egiten zuten lan.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak zazpi pertsona atxilotu ditu Arabako Aiara herrian, legez kanpoko hiltegi batekin zerikusia dutelakoan. Antza denez, animaliak hilda lortzen zuten haragi hori gizakiek jateko saltzen zuten, beharrezkoak ziren osasun eta administrazio alorreko kontrolik gabe.
Hiltegia desegin dute agenteek. Atxilotuei, berriz, osasun publikoaren aurkako delituaz gain, animaliei tratu txarrak ematea eta ingurumenaren kontra egitea leporatu diete. Epailearen esku utzi ostean, aske geratu dira, Segurtasun sailaren arabera.
Hiltegi horretako haragia partikularrei saltzen zieten arren, hainbat taberna eta janari-dendetara ere banatzen zuten.
Hiltegi izena duen operazioa iaz abiatu zen, urte amaieran, Ertzaintzak bildutako hainbat informazio kontuan izanik. Arabako Aiara eskualdean legez kanpoko hiltegi bat zegoela ondorioztatu zuten, eta haragia kontrolik gabe banatzen zutela.
Ertzaintzaren arabera, desegindako taldeak bost urte zeramatzan lanean. Behiak eta ardiak hazteaz gain, animalia horiek hiltzeko erabiltzen zuten zuten tokia, osasun eta administrazio arloko kontrolik gabe.
Bizkaiko eta Kantabriako jabeek eskaintzen zuten ganadua. Legezko merkatuan ezin zenez saldu, "merkatu beltzean etekina atera nahi zutenei" eskaintzen zieten.
Ertzaintzaren arabera, bi behin eta hogeita bost ardi hiltzen zituzten astero.
Salmenta eta banaketa
Taldeko zenbait kidek haragi hori saldu eta banatzen zuten. Haragi gehiena Bilboko eta Gasteizko partikularrei saltzen zieten, besteak beste.
Hainbat hilabete ikertzen aritu ondoren, operazioa atzo amaitu zuen Ertzaintzak. Lau pertsona atxilotu zituen baserrian: jabeak eta bi beste bi gizon.
Atxilotu zituztenean, laurak hainbat ardi hiltzen ari ziren.
Horrez gain, Gasteizen ere beste gizon bat atxilotu zuten, legez kanpoko ekoizpena banatzea egotzita.
Karrantzan ere beste bi gizon atxilotu zituzten, legez kanpo hiltzeko ganadua hornitzeagatik.
Atxilotuak, 32 eta 59 urte bitartekoak, epailearen esku geratu ziren, eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du orain.
Epailarek aske utzi zituen arren, horietatik hiruk epaitegira joan beharko dute aldizka.