Gizartea -

Euskadiko Ama Esnearen Bankua

64 amak eman diote beren ama esnea Euskadiko Bankuari

Sortu zenetik jaioberrientzako 700 biberoi prestatu ditu Osakidetzako zerbitzu horrek. Bihar, maiatzaren 19an, Ama Esnea Dohaintzan emateko Mundu Eguna da.

Jaioberri baten oinak. Argazkia: https://pixnio.com/es/gente/ninos.
Jaioberri baten oinak.
Jaioberri baten oinak. Argazkia: https://pixnio.com/es/gente/ninos.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Ama Esnearen Bankua pasa den urriaren 16an jarri zen martxan eta, harrezkero, 64 amak 200 dohaintza egin dituzte, alegia, guztira, 160 litro ama-esne eman dira dohaintzan.

Lehen 7 hilabete hauetan, guztira, dohaintzan emandako 62,32 litro hornitu dira; horiekin, 700 biberoi prestatu dira eta, horrela, nutrizio eta tratamendu egokiak eman zaizkie jaioberri goiztiarrei edo pisu gutxiegirekin jaiotakoei, ospitaleratuta egon eta beren amak nahikoa esne eman ezin dietenei.

Bihar, maiatzaren 19an, Ama Esnea Dohaintzan emateko Mundu Eguna da, eta Jon Darpón Osasun sailburuak eskerrak eman ditu Euskadiko Ama Esnearen Bankuko 64 euskal ama-emaileen ahaleginagatik, denboragatik eta eskuzabaltasunagatik, eta ama-esnea dohaintzan ematea zer garrantzitsua den nabarmendu du, doako ekintza, beste jaioberri batzuei laguntzekoa; izan ere, litro bat esneren bidez 10 haurri lagundu dakieke.

Euskal Bankuak Euskadi guztiari ematen dio zerbitzu, neonatologiako unitateak dituzten sare publikoko ospitaleen bidez (Txagorritxu, Gurutzeta, Basurtu eta Donostia); esnea jaso, prozesatu eta kalitateko berme guztiekin prestatzen du, hala behar duten jaioberriei emateko, ekipo medikoak adierazita eta modu anonimoan.

Ama-esnea elikagairik onena da jaioberri batentzat, eta are gehiago haur goiztiarra denean edo pisu gutxikoa, izan ere, hobeto onartzen dute, hesteetako arazo larrietatik babesten ditu, infekziorako arriskua murrizten da eta, horrela, errekuperatzeko, bizirik irauteko eta garatzeko aukerak hobetzen dira.

Osasun sailburuaren hitzetan, haren arrakasta gakoa emakumeen dohaintza da.

Esnea ematea eskuzabaltasunez egiten da, modu anonimoan, boluntarioa eta altruista da, eta ez da inolako etekinik jasotzen, eta esne-emailea edozein emakume osasuntsu izan daiteke, bizimodu osasuntsua duen edozein, bere haurrari bularra zailtasunik gabe ematen ari dena eta ama aurreko hiru aste eta sei hilabeteen artean izan dena.

Emaile izateko, Euskadiko Ama Esne Bankuarekin jarri behar dugu harremanetan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, 94 4579375 telefono-zenbakiaren edo bancodelecheeuskadi@osakidetza.eus helbide elektronikoaren bidez, edo gure ohiko osasun-arloko langileekin kontsultatu behar dugu (pediatra, emaginak, erizaintzako profesionalak…).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea