Gizartea -
Aire-kontrolatzaileen gatazka
Valeriano Gomez: 'Kontrolatzaileen jarrerak ondorioak izango ditu'
Bestalde, Juan Ignacio Lema AENAko presidenteak adierazi duenez, 48 ordu behar izango dira aireportuetako normaltasuna berreskuratzeko.
Erredakzioa
Valeriano Gomez Lan ministroak kontrolatzaileek "gertatutako guztian izandako ardura" ordainduko dutela adierazi du. Asteburuan izandako bat-bateko grebak "kalte handiak" eragin ditu ekonomian, baita Konstituzioaren zubian bidaiatzeko asmoa zuten hiritarren artean ere.
"Gobernuak diziplina espedienteak zabaldu ditu eta hurrengo egunean albisteak izango ditugu. Baina argi dago gertatutakoa norbaitek ordaindu behar duela", esan du Gomezek kontrolatzaileak lanetik botako dituzten galdetu diotenean.
Normaltasuna 48 ordutan berreskuratu da
Juan Ignacio Lema AENAko presidentearen esanetan, 48 ordu igaro beharko dira Espainiako aireportuetan normaltasuna guztiz berreskuratzeko.
Lemak ez du 442 diziplina espedienteek irekierak izango dituen ondoriak aurreratu nahi izan. "Espedienteak arau administratiboak jarraituz kudeatuko dira. Prozesu hori behin amaituta, ondorioak zeintzuk izango diren jakingo dugu. Orain ezin da ezer aurreratu", azaldu du AENAko presidenteak.