Gizartea -
Zezen plaza
Bilbok lehiaketara aterako du Vista Alegreren kudeaketa, galera handiengatik
EH Bilduk salatu duenez, plazak 500.000 euro baino gehiagoko galerak pilatu ditu 2015etik. Udalak "bestelako" eredu bat nahi du, egungoa "zahartuta" geratu dela iritzita.
agentziak | erredakzioa
Bilboko Udalak lehiaketara aterako du zezen plazaren kudeaketa egungo eredua "zahartuta" dagoela eta bestelako bat beharrezkoa dela iritzita.
Udalaren asmoa "urte osoan jarduerak areagotzea" da, "gunea dinamizatuta". Vista Alegrek 216.595 euro galdu zituen 2017an.
Ricardo Barkala Bilboko Udaleko Hirigintza eta Zerbitzuen zinegotziak agerraldia egin zuen astelehenean, EH Bilduk eskatuta, Vista Alegreren 2017ko balantzeaz hitz egiteko.
Aurreko urtean 127.882 euroko galerak izan zituen eta, amortizazioa kontuan hartuta, zorra 216.595 eurora heldu zen. Barkalaren esanetan, zezenketek 221.742 euroko irabazi garbiak eragin zituen iaz, 71.681 ikuslerekin.
Gainera, Barkalaren arabera, zezenketen emaitza onak" ez dira "nahikoak urte osoan plaza mantentzeko eta, are gutxiago, beharrezkoa den inbertsio politika bat martxan jartzeko". "Jarduerak areagotu egin behar ditugu urte osoan. Kokapenak gunea dinamizatu beharko luke".
Bestalde, Barkalaren hitzetan, Vista Alegrek mantentze lanak egiteko "inbertsio handia" behar du eta datozen egunetan lanak egin beharko ditu "balizko arriskuen aurretan", eta plazaren beraren diruarekin ordainduko da.
Hala, iragarri duenez, datozen asteotan, Udalak "eman beharreko pausoak emango ditu kudeaketaren baimena emateko", lehiaketan, horren baldintzek "eredu berriaren" arrakasta bermatzeko.
Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko bozeramaleak kezka adierazi du udalaren lokal baten kudeaketaren % 50tik gora uzteagatik, eta nabarmendu du datuok zezen plazak bizi duen egoeraren adierazle direla, 2015etik 500.000 euro baino gehiago galdu baititu.