Gizartea -
Donostian
Ertzaintzarekin liskar batean hildako gizonaren kasua ikertuko du Arartekoak
39 urteko gizon bat bihotzekoak jota hil zen joan den apirilaren 15ean Donostiako etxebizitza batean Ertzaintzarekin izandako liskar batean.
Agentziak | Erredakzioa
Arartekoaren bulegoak igande honetan jakinarazi duenez, joan den apirilaren 15ean, Ertzaintzarekin Donostiako etxebizitza batean izandako liskarrean bihotzekoak jota hildako gizonaren kasuaren ikerketa jarraituko du. Emakume bati mehatxu egiten ari zitzaiola, hara joandako agenteei aurre egin ostean hil zen 39 urteko gizonezkoa.
Gertaera goizaldean izan zela azaldu zuen Segurtasun sailak. Emakume batek 112 larrialdi zerbitzura hots egin zuen, gizon bat hari eta beste neska bati indarkeriaz mehatxuka ari zitzaiela salatuz.
Ertzainak etxebizitzara iritsi zirenean, gizona oso oldarkor zegoela ikusi zuten. Agenteei aurre egin eta eraso egin zienez, aurre egiten saiatu ziren ertzainak, baina gizonak joka eta ostikoak emanez erantzun zien.
Ertzaintzaren arabera, liskar betean ari zirela gizonak konortea galdu zuela ohartu ziren. Suspertzen saiatu eta anbulantzia bat eskatu zuten arren, hil egin zen.
Gertaeraren ofiziozko "jarraipena" abiatu duela iragarri du gaur Arartekoak hedabideei helarazitako oharrean.
Hala, "Ertzaintzaren esku-hartzeak Arartekoaren urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean indarraren eta barne kontrolaren erabileraz bildutako erabakiekin bat egiten duen ala ez jakitea" espero du.