Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Hilketa matxista bikoitza gaitzesteko ehunka lagun bildu dira Gasteizen
Gizonezko batek bere bikotekide ohia eta haren ama hil ditu ostiral honetan Gasteizen. 'Aski Da! Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean egin dute elkarretaratzea.
EITB.EUS
Gasteizko mugimendu feministak deituta, ehunka lagun bildu dira larunbat arratsalde honetan Gasteizen, ostiral goiz honetan Gasteizen izandako hilketa matxista gaitzesteko. 46 urteko gizonezko batek bere bikotekide ohia eta haren ama hil ditu Arabako hiriburuko etxebizitza batean. Horrelako krimenekin amaitzeko asmoz, mobilizatzera deitu ditu herritarrak elkarte feministak.
Mila pertsona inguruk Gasteizko erdigunea hartu dute, 'Aski da! Erasorik ez erantzunik gabe' lemapean. "Jazotakoa salatzeko gaude hemen, eta oso haserre gaude", adierazi du Yolanda Muñoz Gasteizko Biltzar Feministaren bozeramaileak. Gainera, mobilizaziorako deia egin du, "behin betikoz" indarkeria matxistarekin amaitzeko. "Hiltzen gaituen indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko deitu nahi ditugu herritar guztiak", gaineratu du.
Jaurlaritzaren babesa
Bestalde, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak larunbat honetan Radio Euskadin adierazi duenez, ustezko hiltzailearen aurka ez zegoen indarkeria matxistarekin lotutako salaketarik edo epairik. Gainera, elkartasuna adierazi die bi emakumezkoren senideei, eta gogoratu du bi adingabe daudela, hildakoren baten seme-alabak, eta horiei babesa eskaintzearen alde egin du.
Lepoa moztu die
Gertarakaria ostiral goiz honetan jazo da. Gizonezko batek bere bikotekide ohia eta haren ama hil ditu, arma zuriarekin lepoa moztuta, Julian Arrese kaleko 6. zenbakian, Gasteizko Lakua auzoan. 46 urteko ustezko hiltzaileak, gainera, etxebizitzari sua eman dio, eta zortzi pisuko altuera batetik suhiltzaileek jarritako lona baten gainera salto egin du.
Larunbat honetan alta eman diote Santiagoko Ospitalean, eta Gasteizko ertzain-etxera eraman dute, epailearen aurrera izango den zain.
Umeen amonak eta haren senarrak, nahiz eta Gasteizen jaio ez, Pilarreko auzoan ia bizi osoa eman dute, familiaren hurbilekoek jakinarazi dutenez.
---------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.