Gizartea -
Parrizidioa Nafarroan
48 urteko gizon batek ustez gurasoak hil eta bere buruaz beste egin du Erriberrin
Aita indarkeria zantzuekin hilda topatu dute. Ama larri zaurituta ospitalera eraman dute, baina handik gutxira zendu da. Foruzaingoak uste du semeak hil dituela.
Agentziak | Erredakzioa
48 urteko gizon batek ustez laurogei urtetik gorako gurasoak hil ditu Erriberrin (Nafarroa), eta ondoren bere buruaz beste egin du, ETBk jakitera eman duenez. Ondorioz, Foruzaingoa parrizidio posible bat bezala ikertzen ari da.
Nafarroako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, gertakaria 18:00ak aldera jazo da Tafalla kalean. Aita "indarkeriaz" hil dute eta semeak bere buruaz beste egin omen du.
Bestalde, ama oso larri helikopteroz eraman dute Nafarroako Ospitalera, baina handik gutxira hil egin da, Foruzaingoak baieztatu duenez.
Tafallako eta Iruñeko foruzainak bertaratu dira. Zergatiak, dinamika eta inguruabarrak ikertzen ari dira, Tafallako guardiako epaitegiaren esanetara.
Helikopteroaz gain, Tafallako eta Erriberriko guardiako talde medikoak eta bi anbulantzia bidali ditu Nafarroako larrialdi zerbitzuak.
Gertakariak atsekabe handia sortu du Erriberrin; izan ere, bertako familia oso ezaguna zen. Andoni Lacarra alkatea krimena gertatu den urbanizaziora hurbildu da, "ahal den guztian familiari babesa emateko", azaldu duenez.
Tragediak herrian "atsekabe handia" sortu duela ziurtatu du alkateak. Lacarraren hitzetan, "Erriberri herri lasaia da; gertakari mota hauetara ez gaude batere ohituta, ezin dugu sinetsi".
Zer gertatu ote den galdetu diotenean, "ez dakite, ikertzen ari dira", adierazi du.
Orain familiaren "atsekabea errespetatu" behar dela azpimarratu du. "Dolumina adierazi, ez dut esateko beste ezer", gaineratu du.