Gizartea -

Uholdeak

Lau errepide itxita Nafarroan, uholdeak direla eta

Foru Gobernuaren azken datuen arabera, Nafarroako erdialdean eta erriberan daude arazoak, besteak beste.

Uholdean Nafarroan, N-113 errepidean. EFE
Uholdean Nafarroan, N-113 errepidean. EFE
Sasoiko uzta osoa galdu dute Nafarroako Erriberan, uholdeen ondorioz

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau errepide itxita daude Nafarroan, ostegunaz gero foru erkidegoan gertatzen ari diren uholdeen ondorioz. Besteak beste, Iruñea eta Madril lotzen dituen N-113 errepidea itxita dago, Castejon parean.

Foru Gobernuak emandako azken datuen arabera, Nafarroa erdialdean eta erriberan ere arazoak daude trafikoan: NA-5211 errepidean arazoak daude (Buñuelen), zubiaren sarbideetan.

Erriberan NA-134an dituzte arazoak, Ebroko ardatzean, eta Fustiñana eta Ribaforada lotzen dituen bidean.

Tuteran Ebrok muga gaindituta, Zaragoza bidean da orain, Buñueletik pasata. Hainbat bizilagunek etxetik ateratzea erabaki zuten atzo gauean Buñuelen ur-goraldia ikusita. Ribaforadan ere erabaki bera hartu zuten zenbait herritarrek. Urak dikea hautsi zuen herri horretan.

Behin-betiko kalkuluak zehaztu zain, 2015ean izandako uholdeen maila berdindu den arren, kalteak arinagoak izan direla nabarmendu dute agintariek. Izan ere, uholdeetatik babesteko neurriek hobeto eutsi omen dute. Hala ere, urak ehunka hektarea hartu ditu hainbat herritan: Arguedas, Fustiñana, Cabanillas, Cadreita, Funes, Buñuel, Ribaforada eta Tutera.

Nafarroak larrialdi egoera lehen fasean mantenduko du Erriberan

Nafarroako Gobernuak larrialdi egoera lehen fasean mantenduko du Erriberan, uholdeak direla eta. Izan ere, Ebro ibaia uste baino askoz ere mantsoago egiten ari da gora, eta etorbidearen gainak ez du erkidegoko muga arratsaldeko azken ordura arte edo gauera arte gaindituko.

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak Tuteran, Buñuelen eta Ribaforadan urak hartutako eremuen gainetik hegan egin du.

Espainiako Gobernuak "lehentasuneko esku-hartze eremu" izendatu ditu Ebro ibaiak kaltetutako eremuak

Isabel Garcia Tejerina Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen ministroak gaur iragarri duenez, "lehentasunezko esku-hartze eremu" izendatuko ditu Ebro ibaiaren ur-goraldiak kaltetutako Erriberako zonaldeak.

Horrenbestez, "ahalik eta azkarren" esku-hartu ahal izango dute uholdeen kalteak jasan dituzten herritarrak normaltasuna itzul daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Nafarroa Tutera Gizartea Tafalla albisteak Gaurko azken orduko albistea Uholdeak bideoak