Gizartea -
Gipuzkoa
Fiskaltzak bina urteko zigorra eskatu du Pasealeku Berriko heriotzaren akusatuentzat
Mikel Arzak 2013ko abuztuak 7an hil zen, Donostiako Pasealeku Berrian zegoela erori zen harri batek buruan jota. Arduragabekeriazko heriotza egotzi diete.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak bina urteko kartzela zigorra eskatu du Mikel Arzaken heriotzaren sei akusatuentzat (hiru udal teknikari eta enpresa pribatuen beste hainbat ordezkari). Arzak 2013ko abuztuak 7an hil zen, Donostiako Pasealeku Berrian zegoela Urgull menditik erori zen harri batek buruan jota.
Auzipetuak Udaleko Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuen Saileko zuzendaria; Udaleko Lanen Proiektuen arduraduna, eta udal teknikari ingeniari bat dira, batetik, eta, bestetik, lan horretako Segurtasun eta Lan Osasun koordinatzailea, Lan Arriskuen Prebentzioaren teknikaria eta lanak egiten ari zen enpresako zuzendaria.
Ministerio Publikoaren behin behineko akusazio idazkariaren arabera, EFEk argitaratu duenez, guztiei arduragabekeria larriko giza hilketa delitua egotzi diete; hori dela eta, bakoitzari bina urteko espetxe zigorra eta hiru urteko gaitasungabetzea eskatu du.
Era berean, erantzukizun zibilaren bidetik, denon artean 200.000 euroko kalte ordaina gurasoei ematea eta erantzule subsidiarioa Donostiako Udala eta Urgull mendian lanak egiten ari zen enpresa eta segurtasunaren arduraduna ere izatea eskatu du.
Idazkiak dioenez, gertaera 2013ko abuztuak 7an jazo zen, "Pasealeku Berriko lur jausien aurkako neurrien proiektua" egiten ari zirenean. Udalak eskatu zuen, kanpoko enpresa batek garatu eta Tesinsa enpresak egin.
Zehatz-mehatz, "hainbat harri erori ziren mendiko magaletik" eta, horietako batek "buruan jo zuen". Mikel Arzak -20 urte- Argazkilaritza Sozietatearen eraikineko 75 bat metrora zegoen.
Izan ere, Ministerio Publikoaren arabera, "lur jausia izan baino bi ordu lehenago lanean egon ziren gune horretan", eta "hiru zulo egin zituzten 1,5 metroko luzera eta 29 milimetroko lodiera zuen barauts makina pneumatika kolpekari batekin, porlana sartu barik eta magalean hesi euskarria jarri gabe".
Fiskaltzak gogorarazi duenez, 2012ko azaroko 29an izan zen "aurrekari garrantzitsu baten ondorioz" ekin zioten egonkortze proiektuari. Urte horretan, "tamaina handiko" bloke bat erori zen hegal beretik, baita ere Argazkilaritza Sozietatearen inguruetan, eta "Pasealeku Berriko errepideraino" heldu zen, hain zuzen, oinezkoak ibiltzen diren lekuraino. Horren ondorioz, sarbidea galarazi behar izan zuten aldi batean.
Horrezkero, 2012ko abenduan, "Pasealeku Berrian eroritako harrien erorketen" inguruko txosten bat egin zuten eta, "lur-jausien aurkako defentsa neurrien proiektuan" bezalaxe, Tesinsa enpresa jardun zen. Txostenak "arrisku elementuez" ohartarazi zuen, eta "lur jausi handiak edo harrizko bloke handiak erortzeko" arriskua zegoela esan zuen, "gehien bat prezipitazio handien ostean", eta "arriskutsuak izan litezke oinezko eta autoentzat egoera ezegonkorrean zeudelako".
Idazkiaren esanetan, "abisuak gorabehera, hasieratik", lanetan ez zuten "beharrezko segurtasun neurriak ezarri" gaztearen heriotza eragin zuen moduko "lur jausiei aurre egiteko", han "inguruko hesia" baino ez zutelako jarri, eta horrek oinezkoak lanen gunean sartzea galarazi baino ez zuen egin.