Gizartea -
Kamioiaren istripuagatik
Argara isuritako gasolioa kontrolpean dago, Nafarroako Gobernuaren esanetan
Kamioiak 10.000 litro gasolio isuri zituen, baina emari handia eta uraren tenperatura baxuari esker, espero baino txikiagoa izango da ingurumenean eragingo duen kaltea.
agentziak | erredakzioa
Atzo gai arriskutsuak zeramatzan kamioi zisterna batek istripua izan zuen Antsoainen eta 10.000 litro gasolio isuri zituen Arga ibaira. Gaur eguerdian isuria Gareseraino iristen zen, baina arazoa kontrolpean dagoela azpimarratu du Nafarroako Gobernuak. Arga ibaiaren ur emari handiak eta uraren tenperatura handiak lagundu omen du ibaira isuritako 10.000 litro gasolioren eragina txikitzeko.
Eva Garcia Ingurumen eta Lurralde Antolaketako zuzendari nagusia, Salvador del Pino basozainen nagusia eta Jose Garcia Falces Iruñeko basozainen burua Sanduzelai auzora joan dira Arga ibaiaren egoera bertatik bertara ikusteko. Izan ere, Nafarroako suhiltzailek hesi bat jarri dute bertan isuria gehiago hedatu ez dadin. Horrez gain, beste hiru hesi jarri dituzte.
Garciak kazetarien aurrean azaldu duenez, gasolio orbanaren jarraipen iraunkorra egiten ari dira, baina ebaluazio zehatzagoa ezagutzeko astelehenera arte itxaron beharko da. Dena den, ingurumenean eragin duen kaltea uda sasoian gertatu izan balitz baino txikiagoa izango dela nabarmendu du.
Gasolio orbana Garesera gerturatzen ari dela-eta isuria gelditzeko hesi bat jarri dute bertan. "Ea hor hobeto kontrolatzeko gai garen", gaineratu du. Hala ere, inguruan dauden zentral hidroelektrikoek egoera zaildu dezaketela ohartarazi dute agintariek.
Gau osoan zehar suhiltzaileak, uretako erreskate taldea eta basozainak lanean aritu dira isuri handiago bat saihesteko. Hala ere, gasolioa ibairaino heldu da euri-uren kanalizaziorako bideetatik. Hori dela eta, ibaian zehar hesiak jarri behar izan dituzte orbana gehiago hedatu ez dadin.
Erregaia ur azalean gelditzen da eta, ondorioz, horren azpitik dauden arrainak ez ditu kaltetzen, ez handiak eta ezta txikiak ere.
Bestalde, ubarroi eta ahateen egoeraren inguruko kezka zabaldu da eta ahate bat erretiratu behar izan dute. Dena den eta Garcia Falcesen esanetan, animalia horiek uretatik bereizten dituen geruza iragazgaitza dute, beraien mesederako.
Isuriak eragindako kostu ekonomikoari dagokionez, Eva Garciak azpimarratu du gai arriskutsuak eramaten dituzten garraiolariek kasu hauetarako aseguru bat izatera behartuta daudela eta kalteen zenbatekoa egitekoa ezinbestekoa dela ondoren erreklamazioa egiteko.
Etxebizitzak hustu dituzte
56 etxebizitza jendez hustu dituzte bart Antsoainen, istripuaren ondorioz.
Bestalde, erregaia ateratzeko maniobrak egin baino lehen oztopoak jarri zituzten, bai lehorrean eta baita Arga ibaian ere. Gainera, segurtasun perimetroa ezarri zuten eta, badaezpadako neurri gisa, istripua izan den tokitik gertu dagoen etxebizitza eraikina jendez hustu zuten.