Gizartea -
ASTE SANTUA 2018
Aste Santuan ez da hildakorik izan euskal errepideetan
Trafiko Zuzendaritzak amaitutzat eman du Aste Santurako abian jarritako operazio berezia. Ohiko tokietan auto-pilaketa txikiagoak izan dira eta espero baino desplazamendu gutxiago zenbatu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak amaitutzat eman du Aste Santurako abian jarritako trafiko operazio berezia. Seigarren urtez jarraian ez da hildakorik izan Aste Santuan euskal errepideetan. Halaber, ohiko tokietan auto-pilaketa txikiagoak izan dira eta espero baino desplazamendu gutxiago zenbatu dira.
Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean 60 zirkulazio istripu gertatu dira euskal errepideetan, iaz baino 28 gutxiago. Gainera, ezbehar horietako 24tan ez da inor zauritu.
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azpimarratu duenez, azken urteetako Aste Santuko trafiko operazioetan beheranzko joera hautematen da, bai istripuen kopuruan eta baita hildakoen zenbatekoan ere.
Azkenekoz 2012an izan ziren hildakoak Aste Santuan euskal errepideetan. Orduan bi pertsona hil ziren Araban gertatutako istripu batean, eta guztira 123 ezbehar izan ziren Aste Santuan, aurtengoaren bikoitza.
Geroztik, azken sei urteetan ( 2013, 2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018) ez da inor hil Aste Santuan euskal errepideetako ezbeharretan.
Bestalde, Aste Santuko aurreneko egunetan beste urteetan baino auto gutxiago ibili da eta auto-ilarak ere txikiagoak izan dira, bai denborarik eta baita tamainari dagokionez ere.
Irteera operazioari dagokionez, auto-ilara luzeenak asteazken arratsaldean eta ostegun goizean zenbatu ziren. Itzulera, ostera, mailakatua izan zen eta ez zen aparteko gorabeherarik izan euskal errepideetan.