Gizartea -

indarkeria matxista

Sei sexu eraso eta gehiegikeria izan dira azken egunotan Hego Euskal Herrian

Ertzaintzak eta Foruzaingoak zortzi gizonezko atxilotu ditu astebetean, Gasteizen (2), Donostian (2), Iruñean (2), Barañainen (1) eta Tuteran (1).

Genero indarkeriaren aurkako elkarretaratze bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Genero indarkeriaren aurkako elkarretaratze bat, Bilbon
Genero indarkeriaren aurkako elkarretaratze bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei emakumeri sexu gehiegikeria edo sexu erasoa egin diete azken egunotan Hego Euskal Herrian. Ertzaintzak eta Foruzaingoak zortzi gizonezko atxilotu ditu azken egunotan: bi Gasteizen, bi Donostian, bi Iruñean, bat Barañainen eta beste bat Tuteran.

Gasteizen (Araba) bi sexu eraso izan ziren, bata igandean eta, bestea, ostegunean. Ertzaintzak ustezko erasotzaileak atxilotu ditu, baina ez du beste daturik zabaldu.

Bestalde, Foruzaingoak Barañaingo (Nafarroa) 17 urteko bizilagun bat atxilotu zuen, emakume bat bortxatzea eta lapurreta egitea leporatuta. Biktimak salatu zuenez, sare sozial batean ezagutu zuen ustezko erasotzailea, eta aurrez aurre ezagutzea adostu zuten. Gazteak sexu-erasoa egin zion emakumeari eta, ondoren, telefono mugikorra lapurtu zion, emakumearen shock egoera aprobetxatuta. Atxilotua Adingabeen Fiskaltzaren esku geratu da.

Tuteran, hango 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, aurrekoan bezala, eraso sexuala egitea egotzita. Hasieran biktimak salaketarik aurkeztu nahi ez bazuen ere, Foruzaingoaren adituekin hitz egin ostean, erasoa salatzea erabaki zuen.

Sexu-gehiegikeriei dagokienez, Foruzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen Iruñean, ezgaitasun psikikoa zuen emakume bati gehiegikeriak egin dizkiotelakoan. Atxilotuak 44 urteko iruindar bat -aurrekariak ditu- eta 50 urteko barañaindar bat dira.

Azkenik, Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen aurreko asteartean Donostian (Gipuzkoa), emakume gazte bati ukituak egin eta poltsa lapurtzea leporatuta. Atxilotuek -24 eta 26 urte- aurrekariak zituzten biek.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Iruñea Albisteak Nafarroa Tutera argazkiak EAE albisteak Delituak albisteak Gasteiz albisteak Matxismoa