Gizartea -
Gipuzkoa
Zazpi pertsona ospitalera, Zizurkilgo etxebizitza batean izandako sutean
Ubare auzoko etxebizitza batean piztu dira garrak, lehen solairuan. Etxebizitza kiskalita geratu da.
EITB.EUS
Sute larria izan da bart Zizurkilen (Gipuzkoa). Zazpi pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte, kea arnastu baitute, Gipuzkoako Suhiltzaileek eitb.eus-i azaldu diotenez.
Sua Ubare auzoko etxebizitza batean piztu da, 05:00ak aldera, lehen solairuaren etxebizitzetako batean. Garrak arin zabaldu dira, eta erabat kiskali dute lehen solairua. Gainerako solairuetan ke asko pilatu da, baina kalteak txikiagoak dira.
Eraikina erabat hustu behar izan dute, eta zazpi lagun artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik. Etxebizitzetako batean zegoen txakur bat hil da, halaber.
Sua 05:30ean hartu dute kontrolpean Gipuzkoako suhiltzaileek, eta 07:00etan amatatu.
Oraindik ez dakite zer dela eta piztu den sutea.