Gizartea -
GABRIEL CRUZ KASUA
Amorrua ez nagusitzea eta atxilotuaz ez hitz egitea eskatu du Gabrielen amak
Igandean 8 urteko mutikoaren gorpua aurkitu ostean, elkartasuna eta dolua agertzeko egunak dira Almerian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo hilda aurkitu zuten Gabriel Cruz 8 urteko Almeriako mutikoaren kasuak zer esana ematen jarraitzen du. 12 egunez desagertuta egon ostean, haurraren aitaren egungo bikotekidea atxilotu zuten atzo, autoan haren gorpua garraiatzen ari zela. Patricia Ramirez haurraren amak bi eskaera egin ditu: batetik, amorrua ez nagusitzea; bestetik, atxilotutako emakumeari oihartzuna ez ematea.
"'Pescadito'ren omenez, inork ez dezala emakume horren gainean gehiago hitz egin, ez dadila inon atera eta inork ez ditzala amorruzko hitzak txiokatu. Ordaindu dezala egindakoa, baina honetatik geratzen dena fedea eta jendearen alde ona izan daitezela", esan du Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan.
Ildo horretan, atxilotutako emakumearen argazkirik ez argitaratzeko eta berarengan arreta gehiago ez jartzeko eskatu du: "Ez du oihartzunik ematea merezi eta ezta Gabrielek ere".
Halaber, Gabrielen bilaketan zein ikerketan lagundu duten eta maitasun mezuak helarazi dituzten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie. Horrez gain, beste egun batez leihoetan "arrain txiki bat" eskegitzea eskatu du, Gabrielen omenez.
Bestalde, bere izenean "dolu" irudiak zabaltzen ari direnei horrelakorik berriro ez egiteko erregutu die. "Beren bihotzetan begiratzeko eskatzen diet eta mesedez ez dezatela horrelakorik egin. Ez naiz ni hori egiten ari eta min handia eragiten dit", gaineratu du Gabrielen amak. Ez hori bakarrik, hori egiteko beharra sentitzen duenean berak bere argazkia partekatuko duela nabarmendu du.
Dolu eta kontzentrazio egunak Almerian
Atzo 8 urteko mutikoaren gorpua aurkitu ostean, elkartasuna eta dolua agertzeko egunak dira Almerian. Patricia Ramirezek lan egiten duen Almeriako Diputazioak ezohiko osoko bilkura deitu du gaurko, hiru eguneko dolua izendatzeko eta mutikoaren sendiari dolumina adierazteko.
Gorpuari autopsia egin ostean, Gabrielen hil-kapera jarriko dute Probintziako Jauregian.
Atxilotutako emakumea bizi den Vicar udalerriak hiru eguneko dolua izendatu du. Horrez gain, elkarretaratzea deitu dute gaur 11:30ean udaletxearen aurrean.
Bestalde, ezohiko osoko bilkurak deitu dituzte Cantoria eta Cuevas del Almanzora udalerrietan, hiru eguneko dolua izendatzeko. Halaber, azken herri horretan elkarretaratze isila ere egingo dute.
Almeriako Unibertsitateak ere bat egingo du doluarekin eta kontzentrazio isila egingo dute 13:00etan.