Gizartea -
SUTEA
Baserri bat kiskali da Bergarako Elosu auzoan
Pertsona bat zegoen baserriaren barruan sua piztu denean, baina onik atera da. Antza, tximinian sua piztuta utzi zuen oheratu zenean, eta baliteke hortik zabaltzea sugarrak.
EITB.EUS
Suak guztiz kiskali du Narbaiza Azpikoa baserria Bergaran, Elosu auzoan.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, pertsona bat zegoen baserriaren barruan sua piztu denean, baina onik atera da. Antza, tximinian sua piztuta utzi zuen oheratu zenean, eta baliteke hortik zabaltzea sugarrak.
00:30 aldera hasi zen sutea, eta suhiltzaileek 02:30erako lortu dute sua itzaltzea. Bi solairu zituen baserriak, eta harrizko eta egurrezko egitura zuen.
Bizkaiko hainbat landa eremutan ere, suteak izan dira bart. Zamudion, Geldo auzoan, zuhaizti batek hartu du su, eta goizeko lehen orduan lortu dute suhiltzaileek sutea kontrolatzea.
Karrantzan, bestalde, Jorrios mendian suak eremu zabala hartu du, eta han ere suhiltzaileak goizaldetik ari dira itzaltze lanetan.
Abisu horia, haizeagatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri zuen ostiraletik igandera, haizeagatik. Hego-mendebaldeko haize-boladek 110-120 kilometro orduko abiadura gainditzea espero da mendialdean.