Gizartea -
Unibertsoaren hastapena
Stephen Hawkingek Big Bangaren aurretik zer zegoen badakiela esan du
Unibertsoa hedatzen hasi arte ez zen denbora ulertzen dugun bezala existitzen, fisikari teoriko ospetsuaren ustez.
Agentziak | Erredakzioa
Stephen Hawking fisikari teoriko ospetsuak Big Bang deitu ohi den leherketa handiaren aurretik, Unibertsoaren jaioeran (duela 13.800 milioi urte), zer zegoen enigmari erantzuteko gai dela esan du.
"Mugarik gabeko proposamena" izenarekin ezagututako teoriaren alde egin du Hawkingek, Neil deGrasse Tysonek "Star Talk" telebista saioan egindako eta National Geographic katean zabaldutako elkarrizketan.
"Unibertsoaren baldintza mugagarria… mugarik ez duela da", esan dio Hawkingek Tysoni, Popular Science aldizkariaren arabera.
Teoria hori hobeto ulertzeko, Unibertsoa kontrolatzen duen urruneko aginte automatiko bat imajinatu eta atzera eman beharko genioke. Unibertsoak etengabe hedatzen ari den egitura du; beraz, denboran atzera egin ahala, Unibertsoa uzkurtu egiten da. Hortaz, Big Bangeraino atzera eginda, Unibertso osoa atomo baten tamainara murriztuko zen, Hawkingen ustez.
Osotasunaren bola subatomiko horrek "singulartasun" izena hartzen du. Bero eta energia masa txiki eta handi horren barruan, fisikaren eta denboraren legeek, ezagutzen ditugun horretan, funtzionatzeari uzten diote. Hau da, Unibertsoa hedatzen hasi arte ez zen denbora ulertzen dugun bezala existitzen; aitzitik, denbora infinituki uzkurtzen da Unibertsoa txikitzen den neurrian eta inoiz ez du hastapen puntu zehatzik harrapatzen.
Hawkingen iritziz, Big Bangaren aurretik denbora konprimatuta zegoen: "Beti hurbiltzen zen zerbaitera, baina ez zen ezer bilakatzen". Izatez, "inoiz ez zen ezertatik zerbait sortutako Big Bang leherketarik egon. Horrela dirudi gizadiaren ikuspuntutik", esan du.