Gizartea -

BILBO

Bilboko Udaleko alderdi politiko guztiek Segurtasun Ituna sinatu dute

Itunak herritarren segurtasuna lehenesten du eta guztira 35 neurri jasotzen ditu, 2018-2023 Plan Estrategikoaren barruan ere sartuko dituztenak.

Bilboko Udala. EiTBren artxiboa.
Bilboko Udala. EiTBren artxiboa.
Prebentzioa lehenetsiko du Bilboko segurtasunaren aldeko itunak

1:26

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek Segurtasun Ituna sinatu dute gaur goizean, herritarren segurtasuna lehenesten duena eta bereziki emakumeei, adin txikikoei, adinekoei eta biktimei arreta berezia jartzen diena. Halaber, 2018-2023 Plan Estrategikoaren barruan sartuko da.

Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Segurtasun Itunak hiru lehentasun finkatzen ditu: kolektibo ahulak (emakumeak, bereziki indarkeria matxista jasaten dutenak; adin txikikoak; nagusiak eta delituek biktimak), auzoak eta bizi kalitatea, eta egoera bereziak, ekitaldi jendetsuak, bertako merkataritza eta turismoa, adibidez.

Horrez gain, hiriko segurtasun eredua indartzea helburu duten 35 neurri ezarri dituzte, besteak beste, hauek: auzoetako ikuskaritzarako langile gehiago izatea; herritarren segurtasunerako taldeak auzoka antolatzea; protokoloak eratzea arrisku egoeren antzemate goiztiarrerako, adingabeentzat, emakumeentzat, pertsona nagusientzat eta bereziki ahulak diren pertsonentzat; ekintza positiborako neurriak hartzea, pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten; polizien arteko koordinazio prozesuen ebaluazioa eta hobekuntza etengabea; erasoen eta erasorako arriskuen aurrean berehalako alarma duen aplikazio bat martxan jartzea emakumeentzat, eta abar.

Bilboko hiriaren egoerari buruzko irailaren 15eko osoko bilkuran atera zen itun hori egiteko ideia, eta alderdi politiko guztiek hasierako testuari egindako ekarpenei esker lortu dira itunaren testua eta neurriak.

"Dokumentu honetan hurbiltasunezko poliziaren garrantzia azpimarratzen da. Horregatik, hiriko segurtasun eredua indartuko da: pertsonak politiken erdigunean jarriko dira, eta hiritarren segurtasuna pertsonen eta ondasunen babesletzat hartuko da. Itun hau, Itun Sozialarekin eta beharrezkoak gerta litezkeen beste batzuekin batera, alderdi politikoek Bilboko pertsonentzako etorkizun hobe bat eraiki eta ahalbidetzeko oinarria izan beharko litzateke", azpimarratu du Udalak.

Aburtok konpromisoa eskatu dio Udaltzaingoari, "indarkeriazko jarrerak saihesteko, jazartzeko eta desagerrarazteko"

Itunaren sinaduraren ondotik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eskerrak eman dizkie Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei: batetik, EAJ eta PSE-EEri, akordioa lortzeko "indarrak batu" dituztelako; eta bestetik, Goazen, Udalberri, PP eta EH Bilduri, "akordio historikoa delako". Izan ere, "akordio egonkor eta osoa lortu dugu gure hiriko segurtasuna hobetzeko", horren esanetan.

Alkateak konpromisoa eskatu dio Udaltzaingoari, gizalegearen kontrakoak eta indarkeriazkoak diren jarrerak "saihesteko, jazartzeko eta desagerrarazteko". "Lan horretan hiritarrengandik gertu egoteko eskatzen dizuet, entzuteko, kasu egiteko, behar dutenean lasaitzeko eta kezkatzen dituzten gai horiei aurrea hartzeko gehiagora joan ez daitezen", gaineratu du.

Herritarrei begira, ostera, bilbotarren "segurtasuna, ongizatea, bizi-kalitatea eta elkarbizitza baketsua" hobetzea lortu arte lanean jarraituko duela azpimarratu du. "Gertatzen zaizuen guztiak kezkatzen gaitu", esan du.

Bestalde, Aburtok ohartarazi duenez, "Bilbon soberan daude indarkeria erabiltzen dutenak, erasotzaileak eta lapurrak. Gure lana da beraien ekintzak zigorrik gabe ez gelditzea eta egiten badute hiriko kaleetatik aterako ditugula esatea". "Bilbo hiri segurua da eta hala izaten jarraituko du", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo berriak Delituak albisteak Gizartea EAJ Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zazpikaleak Bilbo