Gizartea -
Istiluak Bilbon
Inocencio Alonso ertzaina bihotzekoak jota hil zela baieztatu du autopsiak
Hala eta guztiz ere, “zerbitzu-egintzan” hil zela goraipatu du Beltran de Herediak. Ertzaintzaren “profesionaltasuna” azpimarratu du sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Inocencio Alonso atzo Bilbon hil zen ertzaina bihotzekoak jota hil zela baieztatu du gaur autopsiak, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakitera eman duenez. Hala ere, ertzaina “zerbitzu-egintzan” hil zela azpimarratu du sailburuak; izan ere, Athletic-Moskuko Spartak partidaren segurtasun dispositiboan lanean ari zen.
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Beltran de Heredia Ermuko beilatokian izan dira arratsaldean. 51 urteko ertzainaren gorpua bertan dago, bertakoa baitzen.
Heriotza arrazoi naturalengatik gertatu zela baieztatu du autopsiak, Estefania Beltran de Herediak kazetarien aurrean azaldu duenez.
“Ez naiz medikua, eragin izan duten inguruabarrak zehazteko inor ez naiz. Autopsiaren emaitza dugu eta, hain zuzen, heriotza bihotz-biriketako geldialdiagatik izan zen”, erantsi du.
Lanean
Hala eta guztiz ere, “zerbitzu-egintzan” hil zela goraipatu du Beltran de Herediak. Gainera, Athleticeko eta Spartakeko ultren arteko liskarretan Ertzaintzak azaldutako “eraginkortasuna eta profesionaltasuna” nabarmendu ditu sailburuak.
Inocencio Alonso ez zegoen kargatzen bihotzekoak jo zionean, “furgonetatik jaitsi” eta “ondoezik” aurkitu zen, sailburuak zehaztu duenez.
“Anaia brigada mugikorreko ertzaina da, berarekin lanean ari zen eta azkenera arte bere ondoan izan zen”, azpimarratu du agintariak. “Zoritxarrez, suspertzea ez zen posible izan” eta hil egin zen, deitoratu duenez.