Gizartea -

Eskandalua

Oxfamen Espainiako filialak lau sexu jazarpen edo abusu kasu zigortu ditu 2012tik

Erakundeak hiru langileren kontrako idatzizko kargu-hartzeak bideratu zituen. Horrez gain, beste kide bat kaleratu zuen prostituta bati ordaintzeagatik.

Jose Maria Vera Oxfam Intermoneko zuzendaria, prentsaurrekoan. EFE
Jose Maria Vera Oxfam Intermoneko zuzendaria,. EFE
Jose Maria Vera Oxfam Intermoneko zuzendaria, prentsaurrekoan. EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oxfam Intermonek, Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak Espainian duen filialak, Afrikan eta Hego Amerikan lan egiten zuten lau kide zigortu ditu 2012tik 2018ra sexu jazarpen edo abusu kasuekin lotuta. Horietako bi emakumezko lankideei iruzkin sexualak egiteagatik zigortu zituzten, beste bat kide bat jazartzeagatik, eta laugarrena kaleratu egin zuten prostituta bat kontratatzeagatik.

Jose Maria Vera Oxfam Intermoneko zuzendariak eta Pilar Orenes zuzendari ondokoak prentsaurrekoa eskaini dute, gobernuz kanpoko erakundearen eskandalua lehertu berritan. The Times egunkari britainiarrak argitaratu zuenez, Oxfameko hainbat langile eta zuzendarik prostitutak, tartean adingabeak, ordaindu zituzten Haitin, herrialdea txikitu zuen lurrikararen ostean.

Verak eta Orenesek azpimarratu dutenez, Intermonen ez da adingaberik izan tartean. Ezarritako zigorrei dagokionez, horietako biren kontra idatzizko kargu-hartzeak —lan espedientean jasotzen dira— bideratu zituzten. Lankide batek egindako sexu jazarpenagatik salaketa jarri zuen emakume batek, baina salaketa jaso zutenerako, gizonak ez zuen Oxfam Intermonen lan egiteko. Dena dela, horren kontra ere idatzizko kargu-hartzea egin zuen erakundeak. Laugarren kasuari dagokionez, prostituta bat ordaintzeagatik beste kide bat kaleratu zuen Intermonek.

"Bost urtetan lau kasu izan dira. 1.400 langile eta 1.700 boluntario aritzen gara gobernuz kanpoko erakunde honetan", adierazi du Orenesek. Hala, herritarrei lasaitasun eta konfiantza mezua helarazi nahi izan die, izan ere, 2012tik sexu jazarpen eta gehiegikerien kontrako protokoloa dute indarrean. Horri esker, zailagoa da Haitin jazotakoa errepikatzea, eta gertatzekotan, errazagoa da horren kontra aritzea.

Protokolo "sendo eta gogor" horrez gain, Oxfamek neurri gehiago hartuko dituela iragarri du Jose Maria Vera Oxfam Intermoneko zuzendariak.

Espainiako filialarentzat "oso momentu gogor eta tristea" da honakoa, "sumindurazkoa". Zigortutako langileak "erakundea ordezkatzen" ez dutela azpimarratu dute Verak eta Orenesek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Espainia argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Gobernuz Kanpoko Erakundeak