Gizartea -

Genero indarkeria

6 urteko zigorra ezarri diote gizon bati Gasteizen, bikotekideari erasotzeagatik

Tratu txarrak emateagatik 41 urteko gizon bat kondenatu du Gasteizko Zigor Arloko 2. Epaitegiak.

agentzia | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Zigor Arloko 2. Epaitegiak 6 urteko kartzela zigorra ezarri dio 41 urteko gizon bati, bere bikotekideari lau urtez tratu txarrak emateagatik. Ekintza bortitzaren ondorioz ezarrita zuen urruntze-agindua urratu ere egin zuen.

Ondorioz, hiru delitu leporatzen zaizkio akusatuari: ohiko tratu txarren delitu  bat, lesio delitu bat eta urruntze agindu bat urratzea.

12 urtean ezingo da bere bikotekide ohiarengana gerturatu, ezta armarik izan ere.

Akusatuaren hirugarren erasoa egin ondoren etorri da zigorra. Bikotearen harremana hautsi zenean jazo zen, 2017ko maiatzean. Bikotekidearengandik urruntzeko agindua bazuen ere, erasotzailea biktimaren etxera joan zen hango giltzak hartuta. Etxera sartzen ikusi zuenean, baina, emakumeak ihes egin zuen eta Ertzaintzari deitu zion. Patruila batek etxeko armairu baten barruan aurkitu zuen.

Bost egun geroago, bikotekide ohiaren etxera joan zen han zituen objektu pertsonalak hartzera. Bertan zegoela, gizonak ostikoak eman zizkion emakumeari, eta, ondorioz, saihets-hezurrak hautsi eta zenbait ubeldura eragin zizkion. Egun horretan bertan sartu zuten kartzelan.

Erasoak

Aurretik ere, gizonak hainbatetan eraso zion biktimari, eta 2014ko azaroan eta 2016ko uztailean zigortu egin zuten eraso horien ondorioz. Erregistratuta dagoen lehenengo erasoa 2016an izan zen. Gizonak zartako batzuk eman zizkion, biktima komunean babestu zen, atea barrutik itxita, eta gizonak atea hautsi zuen, baina ez omen zion lesio gehiago egin. Bigarrena 2016ko abenduan jazo zen. Orduko hartan, erasotzaileak zartakoak eman zizkion biktimari, harekin borrokan aritu zen, ileetatik heldu zion eta gelatik arrastaka eraman zuen. Ondorioz, hematomak egin zizkion gorputz osoan zehar eta laguntza medikua behar izan zuen.

Bigarren erasoa ikusita, Gasteizko Epaitegiak babesa eskaini zion biktimari, 200 metroko urruntze-agindua ezarri zion erasotzaileari, eta herekin harremanetan jartzea debekatu zion.

 

------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gasteiz berriak Albisteak