Gizartea -
Neguko Bide-zaintza Plana
Ezkerreko erreitik gidatzeko debekua ezarri die Trafiko Zuzendaritzak kamioilariei
Kamioiek debekatuta dute ezkerreko erreitik zirkulatzea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek elurrak eragindako gorabeherei erantzun ahal izateko.
eitb.eus
Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak gaur goizeko 11etarako deitu du Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoa, Euskalmetek elurragatik alerta laranja aktibatu baitu gaurko 18:00etatik biharko 12:00ak arte.
08:00etatik Neguko Bidezaintza Planaren informazio eta jarraipen fasea dago aktibatuta, eta eguerdian fase operatiboa aktibatu dute. Elurra oso behean egingo duela aurreikusita, beraz, kontu handiz gidatzeko eta Ertzaintzaren aginduak kontuan izateko eskatu du Trafiko Zuzendaritzak, eta gogoratu du nahitaezkoa dela ezkerreko erreia libre uztea elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek Euskadiko errepide-sarean izaten diren gorabeherei erantzun ahal izateko eta errepideak garbi mantentzeko.
Halaber, bihar, ostirala, goizeko zazpietatik bederatzietara (errepideetan ibilgailuen joan-etorri handiena izaten den orduetan) ez zirkulatzeko eskatu die Trafiko Zuzendaritzak kamioi-gidariei, gorabeherak eta auto-ilarak sortzea saihestu eta, horrela, zirkulazioa errazteko.