Gizartea -

Ezbeharra itsasoan

Egun erabakigarria, 'Motxo'ren etorkizunarentzat

Armadorea eta ontziaren aseguru-etxea gaur goizean bilduko dira hartu beharreko neurriez hitz egiteko. Kutsadura saihesteko lanak bertan behera geratu ziren atzo eguraldi txarra medio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun erabakigarria izango da Motxo-rentzat, iragan astean Debako flyscharen inguruan hondartu zen arrantzontzi bermeotarrarentzat. Armadorea eta ontziaren aseguru-etxeko ordezkariak gaur goizean bilduko dira hartu beharreko neurriez hitz egiteko, izan ere, dagoeneko baztertu dute ontzia itsasoratzea.

Egoerak okerrera egin du euskal kosta jotzen ari den denboralea dela eta. Haizeteak 120 km/h abiadurara eta olatuak zazpi metroko altuerara iritsiko direla aurreikusi dute. Eguraldi txarraren ondorioz, Itsas Salbamenduak bertan behera utzi zituen atzo itsasoa kutsatzea saihesteko lanak.

Ontzia ostiralean irauli zen berriro ureratzen saiatu zirenean; gainera, barruan zituen 12 tona gasolio isuri eta kaltea eragin zuen Zumaiko flyschean.

Atzo, Itsas Salbamenduak jakinarazi zuen ez zuela erregai orban handirik aurkitu eta, gasoilaren biodegradazio ezaugarriak medio, ez zela kutsadura arrasto "nabarmenik" ikusten.

Motxo, portua Bermeon duen 25 metroko ontzia, ostegun goizaldean hondartu zen Deba eta Zumaia artean eta bertan zihoazen bederatzi marinelak helikopteroz erreskatatu zituzten.

Ontzia erretiratzea eskatu du Aldundiak

Agiri batean, Gipuzkoako Aldundiak adierazi du "guztiz beharrezkoa" dela Motxo biotopo babestutik ateratzea.

Hori horrela, "informazioa" biltzen hasi da eta txosten informatibo bat irekiko du, gertatutakoa argitu eta balizko ardurak exijitu ahal izateko.

Aldundiak "bitarteko propioak" erabili ditu zabalik geratu ziren sareak kentzeko, "arrisku larria" baitira gainerako ontzientzat eta itsas animalientzat.

Halaber, zehaztu duenez, 13.000 gasolio isuri badira ere, kalteak ez dira oso handiak izango uste du, gasolioa "azkar lurruntzen baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea