Gizartea -

ERREPORTAJEA

Nahikari programan, “sexu langileak ez dira gaizkileak, ezta biktimak ere”

Arabako hiesaren kontrako batzordearen Nahikari programak norbanako, taldekako eta komunitateari begirako esku hartzeak jasotzen ditu prostituzioan aritzen diren emakumeen beharrei erantzuteko.

Nahikari programari buruzko dokumentalaren irudia. Argazkia: Giros CMC
Nahikari programari buruzko dokumentalaren irudia. Argazkia: Giros CMC
Nahikari programari buruzko dokumentalaren irudia. Argazkia: Giros CMC

IXONE ARANA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ez gara kaleak eta gizartea kutsatzen dituen zaborra. Eskubideak eta berdintasuna nahi ditugun pertsonak gara". Karol Guerreroren hitzak dira, Arabako hiesaren kontrako batzordean ( bere lanbideari buruz "segurtasunez, errespetuz eta askatasunez" mintzatzeko giroa aurkitu duen sexu langileetako batenak.

Nahikari Gasteizen eta Araban prostituzioan ziharduten emakumeei prebenitzeko materiala ematera mugatzen zen proiektu gisa. Denborarekin, programa garatu egin da, eta emakume horiei atentzio osoa eskaintzen die. Horretarako, osasun eta gizarte baliabideak, lan-prestakuntza eta aholkularitza juridiko eta psikologikoa eskaintzen diete.

"Eurekin kezkatzen den eta euren egoerari begira dagoen norbait dagoela ikus dezatela nahi dugu", esan du Claudia Martinezek, Blanca Bastida integratzaile sozialarekin batera Nahikari programaren lantaldea osatzen duen gizarte langileak. Bestalde, sexologo baten eta hainbat boluntarioren laguntza ere badute. "Karga sozialak, estigmak eta gaitzespenak langileei eragiten die, ez bezeroei, eta hori, besteak beste, generoarekin, heziketarekin eta erlijioarekin lotuta dago", Martinezen hitzetan.

CLAUDIA

CLAUDIA

(Claudia Martinez eta Karol Guerrero. Argazkiak: Giros CMC)

Amalia Emborujo EHUko Antzinaroko Zientzien Institutuko irakaslearen arabera, debeku morala lanbide horrek azken 21 mendeetan izan duen aldaketa bakarrenetariko bat da: "Prostituzioak betidanik izan du kontsiderazio txarra, baina lehen ez zen tabu bat, guztiz normala zen. Orain izugarrizko hipokrisia dago; izan ere, gizarteak jakin badaki hor dagoela baina ezkutatu egiten du".

Klandestinitate horrek gehienbat atzerritarrak diren emakume horien babesa bermatzeko lege araubiderik ez izatea eragiten du. Eusko Jaurlaritzaren ustez (programa honetan kolaboratzen du), emakume horiek jasaten duten diskriminazioa zerbitzu publikoetara heltzeko oztopoa da. "Informazioaren eta formazioaren bidez ahalduntzeak murrizten du estigma, errespetuan, gertutasunean eta sostenguan oinarritutako jokaeren bitartez", Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren aburuz.

Askotarikoak dira prostituzioarekiko erantzun juridikoak: debekatzailea, prostituta zigor penala merezi duen delinkuentetzat jotzen duena; abolizionista, biktima kontsideratzen duena; arautzailea, sexu lana onartzen duena baina kaleko prostituzioa ezabatuz, eta azkenik, erregulazionista, babesten dituen lege araudia ezartzen duena. Gaur egun gizarte gehienetan joera debekatzailea eta abolizionista dira nagusi, eta Nahikari programaren bultzatzaileek uste dute emakumeen salerosketa eta sexu lan boluntarioa bereizteko gaitasunik ezak eragiten duela hori. "Biktimak izateari uko egiten diogu ez garelako ezer berezirik eskatzen ari, beste edozein lanbidek duen segurtasun juridiko berbera baizik", erantsi du Karolek.

PUTAS ARRIAGA

PUTAS ARRIAGA

(Pintadak Gasteizko Arriaga auzoan. Argazkia: Giros CMC)

Oraingoz, lan hori legez kanpokoa da oraindik: ez dago debekatuta, baina ezta erregulatuta ere. Emborujoren arabera, antzina zegoen Estatuaren onarpena iraganeko kontua da. Dena den, gero eta gehiago dira Karol bezala entzunak eta errespetatuak izatea aldarrikatzen dutenak, eta gero eta gehiago dira Sidalavako lokal txikian hori egiteko prest egongo direla dakitenak.

No sigo el guion

Urtarrilaren 9an, Gasteizko Goiuri Jauregian Sidalavako dokumentala eskaini zuten, Emakumeon Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskolaren konferentzien baitan. Bertan, Nahikari programako emakumeek euren bizipenak kontatu eta euren sentimenduei buruz hitz egiten dute gizarte mailan eman zaien leku biktimista eta pasiboa gaindituz.

Karol Guerrero, dokumentalaren protagonista, kamera aurrean aurpegia erakusten duen bakarra da, baina asko dira horren aurrean barrena lasaitzen duten kideak estereotipo diskriminatzaileak desegiteko helburuarekin. "Dokumentalean parte hartzea, aurpegia ematen ez badute ere, ahalduntze prozesuaren parte da, euren burua ezagutuz, onartuz eta gainerakoak informatuz adierazleak beraiek izanda", azaldu du Claudia Martinezek.

TITULO

TITULO

(Argazkia: Giros CMC)

No sigo el guion dokumentalean, emakumeek argi eta garbi hitz egiten dute euren iraganari eta orainari buruz, baina etorkizunean bete nahi lituzketen ametsei buruz ere mintzatzen dira: etxe bat izan, familia eduki, bidaiatu, zoriontsu izan... Karolentzat, dokumentalean parte hartzeak euren bizitzen aniztasuna erakusteko aukera eman die: "Denek hitz egiten dute gutaz, baina ez digute entzuten; estigmatizatu egiten gaituzte, baina ez dira informatzen".

Dokumentalaren bidez azaltzen dute ez direla ez gaizkileak ez biktimak. Sexu lana egiten duten emakumeak dira, eta onartzen dute ez dela erraza, baina baldintza egokietan egin ahal izatea eskatzen dute.

DOCUMENTAL

DOCUMENTAL

NAHIKARI

NAHIKARI

SUEÑOS2

SUEÑOS2

(Dokumentalaren irudiak. Argazkiak: Giros CMC)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE Gizartea bideoak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea