Gizartea -
Urtarrilak 30
Abisu horia EAEn astearterako, izotza egingo baitu; astelehenean, -3,8º Iturrietan
Abisua astelehenetik astearterako gauean izango da indarrean, 10:00ak arte.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du astearterako tenperatura oso baxuak eta izotza espero baitira; azken orduetan, astelehen goizean, -3,8º izan dituzte Iturrietan (Araba), Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Asteartean (hilaren 30ean) abisu horia izango da indarrean 00:00etatik 10:00etara, izotza eta tenperatura oso baxuak izateko arriskuagatik. Iragarpen horren arabera, izotza egingo du barnealdean, arin, bereziki Araban.
Azken orduotan, Euskalmetek -3,8º jaso ditu Iturrietako estazioan, -3,3º Navarreten, -2,5º Espejon, -2,4º Otxandion, -2º Abetxukun (horiek guztiak, Araban), eta -1,4º Berastegin (Gipuzkoa).
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteartean antizikloiaren babesean jarraituko dugu, eta giroa egonkorra izango da. Aldaketa bakarra itsasertzean ager litezkeen behe-hodeiak izango dira; gainerakoan, antzera jarraituko du aroak. Goizean goiz, lainoa agertuko da, eta zerua oskarbi geratuko da gero. Haizea indar handiegirik gabe eta noraezean ibiliko da, ekialdetik nagusiki. Goizaldean, hotza egingo du berriro, eta zeropeko tenperaturak izango ditugu barnealdean; maximoak ere ez dira gehiegi aldatuko.
Asteazkenerako, giro eguzkitsua espero dute; egunaren amaierarako, baina, fronte bat gerturatuko da. Egunsentiko behe-lainoa desegin ostean, zerua txukun eta eguratsa garden agertuko da. Arratsaldean, fronte bat hurbilduko da, eta horri loturiko hodeiguneak iristen hasiko dira kostaldera. Goizaldean, hotza egingo du, eta barnealdean izotza egingo du txoko askotan. Tenperatura maximoak 12-15 ºC artean kokatuko dira.