Gizartea -
IKERKETA
Gaur egingo diote autopsia Jon Barcenaren gorpuari
Lehen ikuskapenaren arabera, gorpuak ez du indarkeria zantzurik. Beraz, autopsiaren emaitzak argituko du heriotza.
EITB.EUS
Gaur egingo diote autopsia Jon Barcenaren gorpuari. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Jon Barcenaren gorpuak ez du indarkeria arrastorik, lehen ikerketaren arabera, eta autopsiak argituko du heriotza zerk eragin duen.
Abenduaren 30etik desagertuta zegoen gaztea atzo goizean topatu zuten Urrunaga urtegian, Legution. Berrizko gaztea aurkitzeko bilaketa-lanak egiten ari ziren senideek eta lagunek topatu zuten 09:00ak aldera. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Saileko buruak jakitera eman zuenez, Jon Barcena Amezuaren senide batek baieztatu zien aurkitutako hilotza gaztearena zela. Hala, identifikazio ofiziala izateko autopsia falta den arren, "datu guztien arabera, Jon Barcena da", adierazi zuen.
Tribitua izenaz ezagutzen den inguruan aurkitu zuten gorpua, pinudi batean, iristeko zaila den toki batean. Segurtasun Sailak zabaldutako datuen arabera, bai Ertzaintza bai boluntarioak bila ibilita zeuden inguru horretan, baina atzo arte ez zuten aurkitu.Polizia zientifikoa bertaratu zen, eta 14:30 aldera eman zuen epaileak gorpua eramateko baimena. Gasteizko Medikuntza Auzitegi Institutura eraman zuten autopsia egitera.
Ikerketa irekita dauka Ertzaintzak, identifikazio ofiziala egin eta kasuaren nondik norako guztiak argitzeko.
Aurkikuntza eta boluntarioen lekukotza
Goizean goiz aurkitu zuen Jon Barcenaren gorpua bilaketa-lanetan zebilen Gurutze Gorriko kide batek. Izan ere, Berrizko gaztearen familiak antolatuta, senideek eta lagunek osatutako taldea ari zen goizean goizetik urtegiaren ingurua miatzen, 100 bat pertsona. Gorpua aurkitu eta berehala eman zieten abisua urtegiaren barruan miaketa-lanak egiten ari ziren Ertzaintzako urpekariei.
Julen Arzuaga legebiltzarkidea boluntario lanetan ari zen une horretan, eta Euskadi Irratiari kontatu zionez, bi autobusetan irten ziren Berriztik senide eta lagunak urtegiaren inguruetan haren bila jarraitzeko. Urtegitik gertu aurkitu zuten Jon Barcenaren gorpua, pinudi batean, txabola batetik gertu. Arzuagaren esanetan, inguru horretan aurretik ere ibili ziren haren bila.
Estefania Beltran de Herediak baieztatu egin zuen zonalde horretan ibiliak ziren bilaketa-lanetan. Horregatik, ondorioak ateratzeko, ikerketa amaierara iritsi arte itxaron behar dela esan zuen: "Basoan aurkitu dute gorpua. Haren arropa agertu zen tokitik gertu, 200 bat metrora".
Gorka Camara boluntarioen bozeramaileak azaldu zuenez, sarbide zaila zuen gorpua aurkitu zuten tokiak: "Bilaketa-lanak egin ziren inguru horretan, baina gaur jende gehiago etorri denez, zehaztasun gehiagorekin arakatu ahal izan dugu", azaldu zuen.
Abenduaren 30ean desagertu zen
19 urteko gaztea abenduaren 30ean desagertu zen, Gorbeiara lagunekin joan eta gero. Antza, bidearen erdian ondoezik sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen. Autoa aparkatuta zuten lekura itzultzean ohartu ziren lagunak Jon ez zegoela bertan, eta larrialdietarako zerbitzuei deitu zieten. Ordutik ibili dira gaztearen bila.
Hiru egunez Gorbeian bilatu zuten Barcena. Urtarrilaren 3an, baina, gune horretatik kanpo zegoela adierazten zuten "zantzuak" aurkitu ondoren, Urrunagako urtegian hasi ziren haren bila. Izan ere, gaztearen giltzak eta diru-zorroa agertu ziren inguru horretan.
Hurrengo egunean, haren mendiko botak eta motxila au