Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi adingabek sexu-abusuak jasan dituzte Cintruenigon eta Berriobeitin

Biktimek 15 eta 17 urte dituzte. Gainera, beste zazpi emakumek pairatu dituzte, aste honetan, Nafarroan, indarkeria matxistarekin lotutako delituak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 eta 17 urteko bi adingabek sexu-abusuak jasan dituzte aste honetan Cintruenigon eta Berriobeitin (Nafarroa), Foru Gobernuak jakitera eman duenez. Gainera, beste zazpi emakumek pairatu dituzte, azken egunotan, Nafarroan, indarkeria matxistarekin lotutako delituak; hain zuzen, Burlatan, Tafallan, Corellan, Iruñean, Tuteran, Altsasun eta Erriberako udalerri txiki batean egin dituzte.

Cintruenigon, biktimaren ama Tuterako komisariara joan zen, gertaturikoa salatzeko; izan ere, 15 urteko bere alabaren eta 27 urteko gizonezko baten arteko harremana frogatzen zituen mezu batzuk aurkitu zituen. Gizona Foruzaingoak atxilotu du.

Lehen arreta herritarren segurtasunaren taldeak egin zuen, baina, gertakariak larriak zirela ikusita, Sorospen Brigadari eman zioten ikerketa; azken talde horretako agenteek atxilotu zuten gizona.

Argiketa amaituta, atxilotua Tuterako epaitegi baten esku utzi zuten. Epaileak kautelazko neurria ezarri zion, urruntze-neurria hain zuzen; gizonezkoak ezin du adingabearengandik 300 metrotik behera egon auzia amaitu arte. Legeari dagokionez, 16 urteko adingabe baten baiezkoa ez da balekoa sexu-harremanak izateko.

Berriobeitin, 17 urteko gazte batek sexu-erasoa jasan du; ustezko egilea 16 urteko beste adingabe bat da, eta, halaber, 17 urteko beste adingabe bat jazarri zuen. Biktimek salaketa jarri zuten, baita urruntze-agindua eskatu ere.

Indarkeria matxistako beste zazpi kasu

Foruzaingoak, azken astean, beste zazpi gizonezko atxilotu ditu, indarkeria matxistagatik, Nafarroan. Burlatan, emakumezko batek 24 urteko gizonezko baten erasoa pairatu zuen, eztabaida baten ostean. Tafallan, emakume batek 49 urteko bere senarraren kolpeak jasan zituen; biktimaren senide bati ere eraso zion, eta biek behar izan zuten medikuen arreta osasun-zentro batean. Corellan, emakume batek salatu du pairatu ohi dituela tratu txarrak familia-eremuen; 31 urteko gizon bat atxilotu dute, biktima iraintzeagatik eta hari erasotzeagatik; izan ere, bihurkin batekin eskua zulatu zion. Iruñean, emakume batek bere bikotekidearen mehatxuak eta erasoak pairatu ditu, eztabaida baten ostean; biktimak hori salatu zuen, eta, halaber, aurreko hainbat kasu.

Tuteran, emakume batek agenteei esan dienez, 37 urteko bikotekideak urruntze-agindua urratu du; izan ere, biktimaren etxetik 50 metrora zegoen, autoan. Ustezko egileak zenbait aurrekari ditu, antzeko gertaerengatik. Erriberako herri txiki batean, gazte batek senide baten erasoa jasan du, hainbat lekukok baieztatu dutenez. Eta Altsasun, aldiz, emakume batek familia-eremuan izandako tratu txarretako delitua jasan du; izan ere, mehatxu oso larriak jasan ditu, ustez bere senarraren aldetik. Ustezko egileak beste senide batzuk ere mehatxatu zituen.

---------------------------------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Indarkeria matxista Espainian Nafarroa Tutera bideoak Gizartea Tafalla bideoak Burlata Gaurko azken ordukoa Altsasu Corella Haurtzaroa albisteak Eraso sexualak gaur Cintruénigo albisteak