Gizartea -
Eguraldia
Elurra berriro: abisu horia ezarri dute ostegunerako, ostiralerako eta larunbaterako
Horrez gain, nabigaziorako abisu horia ezarriko dute itsasaldeko arriskuagatik.
EITB.EUS
Amaitu da "eguraldi ona". Astea egonkor hasi badugu ere, ostegunetik aurrera petraltzen hasiko da giroa, eta euria, hotza eta elur-kotaren jaitsiera izango dira protagonista fronte hotz baten ondorioz. Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak lau abisu hori ezarri ditu, egun bakoitzerako bi: elurragatik, bata, eta itsasaldeko arriskuagatik, bestea.
Ostegunean, euritara joko du, eta sarri eta ugari egingo du, gainera. Haizea mendebal/ipar-mendebaldetik finkatuko da, eta hoztu egingo du. Hala, elur-maila arratsalde-gau partean 700-800 metrora jaits daiteke. Halaber, gauean ekaitzak jo eta txingorra egin lezake, eta baliteke elur-maila are gehiago jaistea ekaitz-eremuetan. Horrela, 18:00etan hasi eta gauerdira arte, abisu horia egongo da indarrean.
Itsasoan ez da giro izango, eta olatuen altuera adierazgarria 3,5-4 metrokoa izango da. Lehen bi milietarako, nabigaziorako abisua ezarri du Jaurlaritzak, 06:00etan hasita. Ostiralean, egun osoan izango da indarrean abisu horia.
Ostiralean ere, giro makurra izango da. Tenperatura maximoak 9-10 ºC inguruan ibiliko dira gehienez, eta zaparradak botako ditu egun osoan, sarriago isurialde atlantikoan. Horrekin batera, baliteke trumoi-ekaitzak izatea eta txingorra ere egitea. Elur-maila 600-700 metrora egongo da goizaldean, eta 700-800 metrora geratuko da gainerako orduetan. Halere, ekialdeko zenbait tokitan eta ekaitz eremuetan, beherago egon liteke elur-maila. Abisu horia egun osoan egongo da indarrean. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bereziki zakar kostaldean eta Ebro ibarrean.
Larunbatean ere, abisu horia izango da elurragatik barnealdean 00etatik 09etara. Elur-kota 800 eta 900 metro inguruan egongo da egunaren lehen partean; arratsaldean, 1.200 eta 1.400 metro artera igoko da. Prezipitazio txikia egingo du, probabilitate handiagoarekin isurialde atlantikoan eta mendebaldean; arratsalde-gauean, atertzeko joera izango du. Lodiera hauek aurreikusi dituzte: 2-10 cm 1.000 metrora, 0 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora.