Gizartea -
Gertaera
Gabonetan Bilbon bi pertsona harrapatu zituen gaztea lokalizatu eta inputatu dute
Gidaria Miribillako polizia etxera joan zen ostiralean bere abokatuarekin, gertatutakoaren inguruan deklaratzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Eguberri egunean Bilboko Bolueta auzoan bi pertsona autoz harrapatu zituen gaztea aurkitu du eta deklarazioa hartu dio Udaltzaingoak. Hainbat aste non zegoen jakin gabe egon ostean, ausarkeriaz gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi dio, lesio larriak eragitea leporatzeaz gain.
Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, gidaria Miribillako polizia etxera joan zen bere abokatuarekin, gertatutakoaren inguruan deklaratzeko.
Ondoren, udaltzainek argitutzat jo dute gertakaria, eta epailearen esku utzi dute kasua.
Ezbeharra abenduren 25ean gertatu zen, 08:30ean. BMW kotxe beltz batek 33 eta 23 urteko bi gazte harrapatu zituen Boluetako Santa Ana industriaguneko Telleria kalean. Biktimak larri zauritu ziren.
BMW autoaren gidariak ihes egin zuen, biktimei lagundu gabe. Istripuarekin zerikusia izan zuen Opel Astra gris batek ere alde egin zuen.
Udaltzainek egindako ikerketei esker, bi ibilgailuak lokalizatu zituzten hiru egunetara, eta Miribillako polizia etxera eraman zituzten ikuskatzeko.