Gizartea -
Pertsonen salerosketa
Bi urteko kartzela-zigorra, jaioberri bat Donostian 1.150 euroren truke saltzeagatik
2015ean gertatu zen. Gurasoek Frantzian bizi zen bikote bati saldu zioten umea. Zigor bera jarri diete bi bikoteei.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako epaitegi batek bi urte eta hiru hileko kartzela-zigorra ezarri dio gipuzkoar bikote bati; izan ere, bikote horrek bere hirugarren semea saldu zien, hura jaioberria zela, 1.150 euroren truke, Frantzian bizi ziren emakumezko bati eta gizonezko bati. Azken horiek ere zigor bera jaso dute.
EFEk aztertu ahal izan du epaia, eta bertan adierazita dago lau akusatuak ados izan zirela Fiskaltzak eskatutako zigorrarekin. Hain zuzen, aitatasun-aldaketa delitua egozten zaie guztiei; gurasoei, adingabea ordain baten trukean eman zutelako; eta erosleei, umea jaso zutelako.
Gertaerak 2015ean jazo ziren. Gurasoek, garai hartan, Euskaditik alde egin zuten, Valentziako Oliva herrira bizitzeko; gerora, Gandiara joan ziren. Aukera zegoen Foru Aldundiak euren seme-alaba nagusien zaintza kentzeko, "babesgabetasun-egoeran" egoteagatik (egun, seme-alaba horiek 4 eta 2 urte dituzte).
Testuak zehazten duenez, emakumea hirugarrenez haurdun gelditu zenean, bikoteak erabaki zuen ume horren hazkuntza bere gain hartu beharrean "beste pertsona batzuei ematea, diru-kopuru baten truke".
Akordioa, diru-kopuru baten trukean
Lagun batzuek harremanetan jarri zituzten lau akusatuak; akordio batera iritsi ziren, bigarren bikoteak bere gain har zezan umea, diruaren truke.
Itun hura gauzatzeko, epaiak dio, hainbat diru-kopuru bidali zioten elkarri; guztira, 1.150 euro. Gizonezko erosleak egiten zituen bidalketak, eta umea sabelean hazten ari zen amari bidaltzen zion dirua, mezularitza-enpresa baten bidez, 2016ko apirilean eta maiatzean.
Epai-idazkiak adierazten duenez, garai hartan bertan, haurdun zegoen emakumezkoak Gipuzkoara bueltatzea erabaki zuen, "familia-etxea izan zenaren etxebizitzara"; zenbait laguni esan zien asmoa zuela umearen ardura ez hartzeko eta beste guraso batzuen esku uzteko.
Akusatuak, une jakin batean, sabelean zuen umearen zaintza ezaguna zuen emakumezko bati eskaini zion; azken horrek ezezkoa eman zion, eta Aldundiaren Gizarte Zerbitzuengana jo zuen, gertatutakoaren berri ematea xede. Jarraian, ikerketa ireki zuten.
2016ko uztailean, auzipetuak umea izan zuen, Donostiako Ospitalean; Gizarte Larrialdietako Foru Zerbitzuaren langile batzuk bertara joan ziren, adingabea amarengandik urrun zezatela zioen agindu batekin. Neonatologia-unitatean sartu zuten jaioberria.
Biharamunean, gizarte-langile batekin izandako elkarrizketa batean, akusatuak esan zuen ez zuela umea beste inoren esku jarri; bestelako daturik ez zutenez, Aldundiak adostu zuen adingabea amarekin egon zedin.
Bi egunen buruan, umea erosi nahi zuen emakumezkoa ospitalera joan zen, eta amak jaioberria eman zion. Uztailaren 13an, lau inputatuek Erregistro Zibilera jo zuten; bertan, gizonezko eroslearen datuak eman zituzten, eta umeari azken horren deitura jarri zioten lehen abizen gisa. Bigarren abizena, aldiz, ama biologikoarena ezarri zioten.
Biharamunean, erosleak Frantziara joan ziren, jaioberriarekin. Data horretan bertan, baina, zehaztugabeko arrazoiengatik, amak salaketa aurkeztu zuen bikote eroslearen aurka; izan ere, argudiatu zuten “presio psikologikoak pairatu zituela, umea emateko”. Aitak ere berretsi zuen hori, gezurra zela jakinda ere.
Atxiloketa, Frantzian
Frantzian bizi zen bikoteak urriaren 10era arte izan zuen umea; egun hartan, herrialdeko agintariek atxilo eraman zituzten.
Kartzela-zigorraz gain, epaiak umearen gurasoak gaitasunik gabe utzi ditu, hiru seme-alaben gaineko guraso-agintea lau urtean ez izateko; erosleak, berriz, epe horretan bertan ere utzi ditu gaitasunik gabe, eta ezin izango dute inolako adingabearen gaineko babes edo tutoretza.
Ume jaioberria, azkenik, guraso biologikoen abizenekin inskribatu dute Erregistro Zibilean.