Gizartea -
Istripua kostaldean
Erreskatatu egin dituzte Deban hondartu den arrantza-ontziko marinelak
Bederatzi tripulatzaileak onik daude. Motxo arrantza-ontzi bermeotarra 05:00etan hondartu da, Sakoneta inguruan.
Erredakzioa
Motxo arrantza-ontzi bermeotarraren bederatzi tripulatzaileak erreskatatu behar izan dituzte, Deba parean hondartu eta gero, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Denak onik daude.
Ontzia 05:00etan hondartu da, Sakoneta inguruan, Zumaiatik gertu.
Itsas Salbamenduaren Bilboko koordinazio zentroak Lau Anaiak arrantza-ontziaren bitartez izan zuen larrialdiaren berri. Izan ere, Motxo harrietara bidean zegoela ohartarazi zion, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzak azaldu duenez.
Une horretan, hainbat erreskate ontzi eta Helimer 212 helikopteroa bertaratu ziren, eta azken horrek gauzatu zuen erreskatea, bi fasetan.
Lehenik eta behin, lau arrantzale erreskatatu, eta Zumaiara eraman zituen. Ondoren, beste bostak hartu, eta Hondarribiko aireportura eraman zituen.
Ontzia flotarazteko saiakerak huts egin du
Maria de Maeztu atoiontzia, Slavamar Orion esku-hartze azkarreko ontzia, Pasaiko Facal konpainiako atoiontzi bat eta Helimer helikopteroa arrantza-ontzia flotarazten saiatu dira eguerdian baina huts egin dute.
Teknikariak hurrengo saiakera bat egiteko baldintza onenen zain daude.