Gizartea -

BAHIKETA

Abenduaren 9an Errenterian bahitu zuten gizon bat askatu dute Tarragonan

Bahitzaileak Frantziako talde kriminal bateko kideak omen dira, 2012an gizon bera bahitu zuen taldekoak. Guztira bost pertsona atxilotu dituzte.

Tarragonan askatu dute abenduaren 9an Errenterian bahitutako gizona

1:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko abenduaren 9an Errenterian bahitu zuten gizon bat askatu dute Tarragonan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Bahitzaileak Frantziako talde kriminal bateko kideak omen dira, 2012an gizon bera bahitu zuen taldekoak.

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako polizia-operazioan, bost pertsona atxilotu dituzte, eta behin-behinean espetxeratu, epaiketaren zain.

Bahiketa Errenteriako Beraun auzoan egin zuten, 20:00ak aldera. Antza denez, lau gizonek eraso zioten biktimari, kalean, haren etxearen atarian, eta ibilgailu batean indarrez sartu eta Mediterraneo aldera eraman zuten.

Hurrengo goizaldean, biktimaren anaietako batek salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzaren aurrean. Salatzailearen testigantzaren arabera, bahitzaileek gizonaren beste anaia bati —Malagan bizi zen— deitu zioten telefonoz, milioi erdiko erreskatea eskatuz.

Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta, ikerketa horren ondorioz, gizona askatu dute eta lau bahitzaileak atxilotu dituzte. Gerora, beste pertsona bat atxilotu dute Alacanten, bahitzaileei babesa ematea leporatuta.

2012an talde berak bahitu zuen gizon hori, eta orduko hartan Frantziako Tolosan askatu zuten jendarmeek, Ertzaintzarekin elkarlanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Albisteak Gipuzkoa Bahiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Errenteria bideoak Eguneko albisteak